Zubietako erraustegia

Erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratuari lotutako Jaurlaritzaren ebazpena auzitara

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 1a, 14:46

Eusko Jaurlaritzak urte hasieran kaleraturiko Ingurumen Baimen Bateratuari lotutako ebazpenaren aurka udaberrian gora jartzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Usurbilgo Udalak. Ez du erantzunik jaso. Orain, Administrazioarekiko Auzialdiko auzibidean errekurritzea erabaki dute. Jaurlaritzak dioenaren aurka, Udalak aipatu baimenean funtsezko aldaketa txertatu dela defendatzen du; hiri hondakinez gain, Zubietako erraustegian jatorri industrialeko hondakinak kudeatu ahal izatea. "Ezin dugu Zaldibar ahaztu" zioten udal gobernu taldetik ostegun honetako udalbatzarrean.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak Zubietako erraustegiari emandako Ingurumen Baimen Bateratuari lotutako iragan otsaileko ebazpena auzitara eramango du Usurbilgo Udalak. Hala jakinarazi zuten EHBilduren udal gobernu taldetik ostegun honetako udalbatzarrean. 2021/828 zenbakidun alkatearen dekretua berrestea erabaki zuen bozketa bidez, EHBilduren udal ordezkarien babesarekin. EAJ-k aurka bozkatu zuen eta PSE abstenitu zen.

Modu honetan urrats berri bat emango du Usurbilgo Udalak Eusko Jaurlaritzaren aipatu ebazpenaren aurka. Gogoan izan, Ingurumen Baimen Bateratuaren aldaketa ez funtsezkotzat jotzen zuen ebazpena kaleratu zuen urte hasieran, otsailaren 12an Ingurumen sailburuordeak. Horren aurka agertu zen Udala, aldaketa funtsezkoak txertatu zirela defendatu du hilabeteotan, "jatorri industrialeko hondakinak erraustu nahi direlako, tartean, arriskutsuak direnak" maiatzeko udalbatzarrean adierazi zutenez. NBE-ren arabera "minbizi sortzaileak" izan eta "gehigarri kimiko oso arriskutsuak" dituzten plastikoak esaterako. 

Erraustegia hiri hondakinak tratatzeko eraiki eta martxan jarria egonda, "mota honetako hondakinak tratatu eta erretzen hasi nahi badira" bai, "bagaude funtsezko aldaketa baten aurrean", Solaberrietak zioenez. "Kautela legearen printzipioa aplika" dadila eskatu zuten.

"Ezin dugu ahaztu Zaldibar"
Maiatzeko udalbatzarrean, gora jartzeko errekurtsoa aurkeztea erabaki zuen Udalak. Ebazpena "nulotzat jotzea" eskatzen zuten. Alkateak ohartarazi zuenez, "onartuko ez balitz, epaitegira jotzeko erabakia du Udalak". Neurri horren aurrean, ostegun honetako udalbatzarrean salatu zutenez, "3 hilabeteren ostean, tamalez isiltasuna jaso dugu aurreikusi moduan". Adierazgarria dela dio udal gobernu taldeak, "arrazoi bat ere ez da ematen adierazteko zergatik ez den aldaketa esanguratsua". Isiltasuna hautsi eta erabakia arrazoitzea eskatzen diote Jaurlaritzari; "gure ustez argudioak bere horretan daude". Udalaren nahia ez da "auzibideetan itotzea" EHBilduren esanetan, kezkagarritzat jotzen dute egoera, "ezin dugu ahaztu Zaldibar" zioen alkateak osteguneko udalbatzarrean.

Egoera honen aurrean, "prozedurarekin aurrera jarraitzea" eta urrats berri bat ematea erabaki dute. "2021eko otsailaren 12an emandako erabakiaren aurka Administrazioarekiko Auzialdiko auzibidean errekurritzea, Udal honen interesak defendatuz". Abokatu eta prokuradoreak izendatu ditu baita, alkate dekretu bidez. Dekretu hau da hain zuzen, ostegun honetako udalbatzarrera eraman zutena. EHBilduren babesarekin berretsi zuten. Aurka agertu zen EAJ. Haien ustez, Ingurumen Baimen Bateratuari lotutako urte hasierako ebazpenean "ez dago aldaketa funtsezkorik". Horrekin batera, "onurarik ekarriko ez dion ezertarako" udal baliabideak erabiltzearen aurka agertu ziren jeltzaleak.

"Herri onura", herritarren ingurumen eta osasuna zaintzearen alde egiteko emango dutela pauso berria erantzun zioten udal gobernu taldetik, hasieratik ebazpenak legedia aldetik zalantza asko eragin dizkietelako. Eta argi defendatzen dute baietz, Ingurumen Baimen Bateratuan Jaurlaritzak txertaturiko aldaketa "handia" dela, bai kudeatuko diren hondakin industrialengatik, tartean hondakin arriskutsuak, eta baita kudeaketa horrek ekar ditzakeen ondorioengatik ere.