#udalbatzarra

Hobarien eskaintza nabarmen zabalduko duten 2022rako Ordenantza Fiskalak, hasieraz onartuak

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 1a, 14:01

Hobarien eskaintza nabarmen zabaltzen duen 2022rako ordenantza fiskalak hasieraz onartu dituzte ostegun honetako udalbatzarrean. Gehiengo osoz, EHBilduren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen, PSE-k aurka bozkatu zuen.

Duela astebete prentsaurreko bidez udal gobernu taldeak iragarri moduan, 2022ko ordenantza fiskaletan aldaketa sakona bideratuko du; KPI-aren azpitik, %1,5ean igoko ditu udal zergak; kiroletako zerbitzuak (%0,9ko igoera Buruntzaldean) edota hondakinen tasa (%10 inguruko igoera) salbu. 

Horretarako, espresuki hobariak arautzeko "11. ordenantza" sortu dute. Guztia helburu argi batekin; "sarbidea erraztea udal zerbitzuetara, herritarren aukera berdintasuna bermatzea". Foru Ogasuneko errenta datuen arabera, ia 4.000 herritarrek izango dute hobariok eskatzeko aukera. Bereziki, "gazteek, pentsiodunek, RGI-a kobratzen dutenek, migratzaileek...". Usurbilen erroldatua egotea aski izango da eskabidea tramitatzen hasteko.

"Ez du Udalaren egoera konpromisoan jartzen"
EAJ-tik abstenituko zirela iragarri zuten. KPI-aren azpitik aplikatutako igoerarekin eta hobarien eskaintza zabaltzearekin ados agertu arren, horrek izan dezakeen eragin ekonomikoarekiko zalantza agertu zuten jeltzaleek, "hobariak nola finantzatuko diren".

Udalbatzarrera joandako udal kontuhartzaile Xabier Olanok erantzun zuenez, zenbat eskari aurkeztuko diren, horren araberakoa izango da eragina. "Aurrez egin ditzakegun estimazioak zalantza tarte handia dute". Alkate Agurtzane Solaberrietak zehaztu zuenez halere, udal tasek, zergek eta prezio publikoek udal diru-iturrien %15a inguru dira. Honenbestez, hobarien eskaintza zabaltzeak "ez du Udalaren egoera konpromisoan jartzen". Bizi dugun ezohiko egoeran ezohiko neurriak hartzearen alde agertzearekin batera, "helburua gizarte babesa" dela nabarmendu zuen. Herritarrek udal zerbitzuetara sarbidea izateko aukera berdintasuna sustatu nahi dute. "Errenta mailagatik inor" Udajolas edota Kiroldegiko ikastaroak egin ahal izatetik at ez geratzea. %50-%90 arteko hobariak eskuratu ahalko dira. "Neurri berri hauei denbora eman beharko zaie", egokitu behar diren ikusteko. 

Familiengan soilik ez, hobarien eskaintza indartzeko erabakiak enpresengan zer nolako eragina izango zuen galdetzen zuen EAJ-ren bozeramaile Josune Urkolak. Kokapen indizea baliatuko du Udalak hobariak finantzatzeko, Gipuzkoan herri handienek erabiltzen duten moduan. Herrigunetik at direnei %20 igoko zaie. "Hobariak finantzatzeko aukera askoz gehiago ez dago", udal kontuhartzailearen esanetan. "Justizia sozialeko printzipioa" aplikatu nahi dute, "gehiago dutenek gehiago ordaintzea, gutxiago dutenek gutxiago ordaindu ahal izateko". 

"Izoztearen" alde
PSE-tik Patxi Suarez zinegotziak 2022rako Ordenantza Fiskalak "izoztea" eskatu zuen. Hobarien eskaintza indartzearekin ados agertu zen, baina KPIaren azpitik bada ere, tasak igotzea "ez dela egokiena" deritzo, "oraindik pandemiatik ateratzen" ari garela eta. 

Alkateak tristura agertu zuen oposizioaren jarreraren aurrean. "Ez duzue arrazoi bakar bat" zioen, udal gobernu taldearen proposamena ez babesteko. Halako ordenantza fiskalak herri gutxik izango dituztela argudiatuta, "pena da alderdi guztien adostasunez ez egitea". 

Honenbestez, proposamenaren alde bozkatu zuen EHBilduk, aurka agertu zen PSE. EAJ abstenitu zen.