Koronabirusa

Osasun-larrialdiko egoera bertan behera, ostegunetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 5a, 17:33

Covid19ari aurre egiteko neurri murriztaile gehienak bertan behera utziko dituen azken dekretua onartu du LABI aholku batzorde teknikoak. Ostegunean jarriko dute indarrean.

Aurreikusia zegoen moduan, covid19ari aurre egiteko egun indarrean diren prebentzio neurri gehienak bertan behera uztea erabaki du, astearte honetan bildu den LABI Eusko Jaurlaritzaren aholku batzorde teknikoak. Dekretu berria, ostegunean, urriaren 7an jarriko dute indarrean eta aldaketa nabarmenak dakartza; amaitutzat emango du osasun-larrialdiko egoera. "Egungo egoera bat dator Bizi Berri Planaren 1. mailan ezarritako parametroekin, jardueren ordutegiak, edukiera eta egituraketa mugatzeko neurriak kentzeko, eta horregatik erabaki da osasun-larrialdiko egoera desaktibatzea", Eusko Jaurlaritzaren esanetan. Horrekin batera, "Euskadin osasun-larrialdiko egoera desaktibatuta, desegin egin da Euskadiko Babes Zibileko Planaren zuzendaritzan eta koordinazioan Lehendakariari laguntzeko izendatutako Aholku Batzordea".

Ia neurri murriztaile guztien etenaldia dakar desegin berri duten LABI-aren azken dekretuak. Ia guztiena, baina ez denena. Batetik, musukoa erabiltzen segi beharko da espazio itxietan, baita irekietan ere, pertsonen arteko segurtasun tartea bermatu ezin den kasuetan.

Edukiera muga ia denak bertan behera geratuko diren arren, bada salbuespen bat; 5.000 lagunetik gorako edukiera duten eremuetan antolatzen diren ekitaldietan "%80ko mugari eutsiko zaio". Horrez gain, egungo egoerak izan dezakeen bilakaeraren jarraipena egin asmo dute. "Egoera egunez egun ebaluatzen eta aztertzen jarraituko da".