Musika Eskolari emandako laguntza indartzen duen hitzarmena berritu dute Zumartek eta Udalak

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 6a, 08:31

Urtebeterako hitzarmena berritu dute bi aldeek; Zumarte Musika Eskolak eta Usurbilgo Udalak. 

Usurbilgo kultur eragileen eta Udalaren arteko etengabeko lankidetzaren beste irudi bat duzue honakoa. Kasu honetan, Zumarte Musika Eskolarena eta aipatu Udalarena. Hitzarmena berritu dute beste urtebeterako; nabarmentzeko moduko berrikuntza batekin. Udalak musika eskolari emandako laguntza %10 handituko baitu; 50.000 erotik 55.000 eurora Udaletik zehaztu dutenez, "batetik, Zumartek bere eskaintza zabaldu duelako eta, bestetik, Usurbilek kulturarekin duen lotura estuan zerikusi handia duelako musika eskolak, batez ere, herriko haurren musika formakuntzari begira".

Albiste honi atxikita duzuen Udalak helarazitako argazkian, hitzarmena berritu duten bi erakundeotako ordezkariak; batetik, Agurne Alkorta Zumarte Musika Eskolako lehendakaria eta Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkatea.

Ikastaro eskaintza
Zumarte Musika Eskolak ikastaro sorta bat iragarri du. Eskaintza honek bi ezaugarri nagusi ditu: ez da aurrez inolako ezagutzarik behar eta adina ez da muga. Beraz, gitarra edota alboka ikasteko gogoz bazaude, orain duzu aukera. Azaroan hasiko dira ikastaro gehienak baina izen-ematea urriaren 13an amaituko da.

Kanta modernoa 
Julen Morgado. 
Astero 30 minutu. 
Osteguna (Ordua irakaslearekin adostuko da).

Alboka 
Teresa Jareño. 
Astero 30 minutu.
Irakaslearekin adostuko da.

Dultzaina 
Bittor Carrera. 
Astero 30 minutu.
Ostirala/Larunbata.

Ukelelea 
Nuria Culla. 
Astero ordu bat. 
Asteazken arratsaldea.

Dj eta musika elektronikoa (+16urte) 
Telmo Trenor. 
Astero ordu bat. 
Ostegun arratsaldea.

Grabaketa eta soinua (+16urte) 
Jurgi Taboada. 
Astero ordu bat. 
Ostiral arratsaldea.

Musika 0-3 urte 
Araitz Larrea. 
Hamabostean behin ordu bat.

Asteazken arratsaldea.

Gitarra (+55urte) 
Ixak Arruti. 
Astero ordu bat. 
Ostegun goiza.

Musikarekin gozatzera (+55urte) 
Araitz Larrea. 
Astero ordu bat. 
Asteazken arratsaldea.

 

Oharrak:

Azarotik ekainera
Ikastaro guztiak azarotik ekainera izango dira. 

Izen-ematea, online
Izen-ematea online egin behar da, urriaren 1etik 13ra zumarte.eus helbidean.