Ezezagunek Udarregi ikastolako hainbat espazio kaltetu dituzte

Udarregiko gune 2021ko urr. 6a, 12:37

Udarregi ikastolako arduradunak ezin sinetsita daude. Ikasturte berriari ilusioz ekin zioten baina oso denbora gutxian kalte ugari izan dira Udarregiko eraikinetan. Gertaera hauen larritasuna salatu asmoz, ikastolako zuzendaritzak salaketa gutun bat igorri du NOAUA!ra.

2021-2022 ikasturtea gogotsu hasi zuten Udarregi ikastolan, “aurreko ikasturtearekin alderatuta gure arteko harremanak naturaltasun handiagoz eman ahal izateko, gobernutik neurri malguagoak izango genituela aurreikusiz. Momentuz, aldaketa handirik eman ez bada ere”.

Hilabeteko epean, desatseginak eta larriak diren hainbat gertaera jazo dira Usurbilgo ikastolaren eraikinetan. Udarregiren berrikuntza pedagogikoak praktikara eraman nahian, aurreko ikasturtean ikasgela bat egokitu zuten kiroldegi inguruan. DBH3ko Marrazketa eta Diseinua tailerrean ikasleekin margotutako mahaiak baliatu ziren horretarako. Lan hau burutzeko udaletxeko brigadako langileen laguntza jaso zuten Udarregiko ikasleek. “Kanpo espazioan sortutako ikasgelaz gain, eskola orduetatik kanpo, edozein herritar bertaratu eta egoteko toki aproposa zela ere pentsatu genuen, beraz, herrigintzan ere ari ginela pentsatuz, harrotasun puntu bat ere sentitu dugu proiektu honekin”, Ikastolatik igorri duten oharrean esaten denez.

 

Kalteak kiroldegi ondoko espazioan

“Baina gure ilusio eta harrotasunak ez dute ezer asko iraun. Izan ere, asteburu honen ondoren, ikastolara bueltatu garenean, kiroldegi ondoko gure ikasgelako 7 mahaietatik 3 bere tokitik atera nahian ibili dira, edo ibili da norbait, eta oker-oker eginda utzi dituzte bertan. Eserleku funtzioa betetzen duen enbor bat ere atera dute bere tokitik”.

 

Agerialdeko altzariak, desagertuta

Ez da gertaera isolatu bat izan. “Aurreko asteburuetan ere izan direlako antzeko ekintzak; HHko eraikineko sarrerako kristal bat txikituta agertu zen batean (uztailetik hona puskatzen duten bosgarren kristala da) eta beste batean, Agerialdeko berdeguneko altzariak desagertuta zeudela ikusi genuen, norbaitek eramanda edo bertatik kendu eta nonbaiten botata”.

 

Txakur kakak Haur Eskolako patioan

Udarregin eta Agerialden ez ezik, Kalezarreko Haur Eskolako atarian ere kalteak izan dira azkenaldian. “Haurrak kanpoan egoteko, belar artifizialez estali genuen eremu bat, baina astelehenetan zakur kakez beteta agertzen zenez, kentzea erabaki dugu”.

Proiektu guzti hauek aurrera atera ahal izateko ikasle, guraso, udaletxeko langile eta irakasle askoren lana dago atzetik. “Ez da atsegina hauen moduko gertaeren berri ematea”, diote ikastolako arduradunek, “baina are eta desatseginagoa egiten zaigu, inguruan, honelako jarrera duten herritarrak ditugula jabetzea”.