Kultur eta kirol eskaintza zabala, urriko bigarren hamabostaldian

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 6a, 09:34

Aginagako Kultur Birarekin eta Jose Luis Zumeta omenduz ekin diogu urriari. Mugitua izango da hilabetea bereziki bigarren hamabostaldian, ekitaldien eskaintzari dagokionean. Hitzordu gehienetarako izena aurrez bideratu ahalko da usurbilkultura.eus plataforman.

"Gizonak, maskulinitateen kaiolan?"
Gizonen sexualitateak hizpide zituen urriaren bateko "Satiro" antzezlanaren ondotik, tratu on, parekidetasuna eta sexologia arloetan eragiten duen Arremanitz kooperatibako kide Ibon Arrizabalaga de Mingok "Gizonak, maskulinitateen kaiolan?" hitzaldia eskainiko du urriaren 14an 18:00etan Sutegin. Izen ematea: parekidetasuna1@usurbil.eus edo 943 377 110. 

Magia eguna
Aginagan, Kultur Biraren ostean etxeko txikienei zuzenduriko magia eguna antolatu du Antxomolantxa Elkarteak urriaren 16rako. Haurrentzako magia tailerra eguerdi partean, eta "Harritzearen Abilezia" ikuskizuna arratsaldean, Hodei magoaren "inpaktu handiko ekoizpena, joku landu, ilusio handi eta ideia originalekin". Bi hitzorduak, auzolanean eraberritu duten Eliza Zaharrean ospatuko dituzte.

Haur jolasak Santuenean
Arratsalde pasa dibertigarria iragarri du Santuenea Elkarteak urriaren 23rako. 16:30-19:00 artean auzoko ludoteka kalera aterako dute. "Ginkana, uretako jolasak, musikaz girotutako festa...", iragarri dute.

Zubietan bakarrizketan
Zubieta Lantzen elkarteak bestalde, Nerea Arriola gonbidatu du urriaren 15ean Zubietako Elizara. Umoregile donostiarrak eskainiko duen bakarrizketa saioarekin "izango dugu geure buruaz barre egiteko aukera. Animatu elizara!", luzatu dute gonbita.

Pelax kontzertuan
Usurbilgo Udalak antolaturiko talde donostiarraren kontzertua urriaren 17an Sutegin. Hilabeteetako etenaldia hautsiko du Pelax-ek, Sutegiko oholtza gainera itzulita.

Kirol hitzorduen eguna
Sasoian mantentzeko nahiz besteen ahalegin fisikoa ikusteko hitzordu bikoitza urriaren 17an. Buruntzaldeko Ibilbideen 13. Eguna ospatuko da goizean zehar. Usurbil eta udalerri hau inguratzen duten eskualdeko udalerrietako txoko eta bidezidorretatik osteratxo polita egiteko aukera izango da. 

Eguerdi partean bestalde, "desafioa" iragarri du Usurbil Herri Kirol Taldeak Dema plazan. Lehenbizi Usurbil Herri Kirol Taldeko hiru kide (Aimar Zuloaga Segurola, Gabi Sarasola Ibargoyen, Iurgi Mendiluze Zuloaga) lehiatuko dira 1.800 kiloko Urepel harriarekin giza proban. Joseba Sanchez leitzarra 750 kiloko harriarekin. Segidan, herri kirolen munduan ibilbide oparo askoa izan duen Egioleta baserriko Txomin Alkorta Sarriegi herritarrari omenaldia. Eguerdia borobiltzeko, bazkaria Saizar sagardotegian. Bertaratu nahi duenak, urriaren 15a baino lehen deitu dezala 618 009 069 telefono zenbakira.

NOAUA!Fest, 25. urtemugari gorazarre
Mende laurdeneko ospakizun asteburua urriaren 22 eta 23an. Hasteko, txikienentzat "Plis Plas txalo ta jolas" ekimenaren baitan, "Meri, Mari eta Lari" Yogurinah Borovaren kantuak eta Maria Urzelairen ipuin kontaketa uztartu eta sexu identitatearen inguruko hausnarketa egitea helburu duen emanaldia hilaren 22an.

Eta biharamunean, "Noaua!Fest" frontoian. NOAUA! Kultur Elkarteak mende laurden bete du!!! Ez da marka makala eta hau zuri esker egin dugu. Herritik auzolanean jaiotako ekimena izan da Noaua! Eta aurrera begira ere herritik eta herriarentzako izaten jarraitu nahi dugu. Eta zuekin jarraitu nahi dugu erronka horretan. Herria herritik, beste 25 baietz!!!

Eta nola ez, zurekin ospatu nahi dugu urteurren hau, sortzaileekin, kolaboratzaileekin, langileekin, banatzaileekin, auzotarrekin, herriko elkarteekin; zurekin HERRITARREKIN!!! Bertsoak, musika, jan-edana, dantza, jolasak eta batez ere... festa giroa! Izango dugu

Etorriko zara, ezta? Bestela EAMANGOAUE!

Bertso-ibilaldia
Egunotan sagardotarako baliatzen diren sagarren erakusketa ikusgai duzue Sutegin eta Alkartasuna Kooperatibaren egoitzan. Alkartasunak antolatuta gainera, bertso-ibilaldia antolatu dute urriaren 24rako udalerri inguruko sagastietan barrena. "Sagardoaren paisaia kulturala ezagutzeko parada Maialen Lujanbio eta Andoni Egañaren bertsoak aditu eta Jakoba Errekondoren argibideak jasota". Izen-ematea: alkartasuna@usurbil.com edo 943 361 114.

"Udazkena liburutegian"
Urriaren 24an Liburutegien Eguna ospatuko da. Egun honen bueltan urtero zenbait ekimen antolatu ohi ditu Sutegik. Oraingoan, batetik, Amets Arzallusen "Miñan" liburuaren aurkezpena urriaren 20an. Egilea kultur-etxera gonbidatuko dute. Liburuaren hainbat ale eskuragarri dituzue liburutegian. Bestetik, udaberrian bertan behera utzi behar izan zuten "Irudipuinak" emanaldia urriaren 27an antolatzea erabaki dute. Ixabel Agirresarobek ipuin kontalari gisa jardungo du eta artean, Mattin zuzenean marrazten ariko da.

"Usurbilgo Jatorri Aniztasuna eta Elkarbizitza Lantzen"
"Diagnostikotik abiatuta, udalak aurrera begirako urratsen plan bat egin du, eta horiek aurkeztuko ditu" urriaren 26rako iragarri duen ekitaldian. Horrekin batera, "gaian sakontzeko interesa duten herritarren talde bat osatzea ere bada aurkezpenaren helburuetako bat".

Azken ostirala
Hilabete amaieran, hilero Sarek deitzen duen mobilizazioa. Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea urriaren 29an 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Ordu aldaketa
Eta urria agurtzeko ez ahaztu; erlojuko orratzak ordubete atzeratu beharko ditugu. Urriaren 31n, goizaldeko 3:00etan 2:00ak izango dira.