"Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa" dokumentalaren proiekzioa gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 7a, 08:57

Anerreka ingurumen elkarteak antolatutako proiekzioa gaur (urriak 7), 18:30etan Sutegin. Ikus-entzunezkoa sortzen aritu den taldeko bi kide (zuzendaria eta gidoigilea) ere bertan izango dira.

80. hamarkada hasierara denboran atzera egin eta garai hartan bizi asko zegoen mugimendu antinuklearra erretratatzen duen "Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa" dokumentala proiektatuko du Anerreka ingurumen elkarteak, ostegun honetan, urriaren 7an, 18:30etan Sutegiko auditorioan. Ikus-entzunezko lan honen egileak ere gonbidatuko dituzte hitzordura; Bertha Gaztelumendi zuzendaria eta Sabino Ormazabal gidoigilea.

"Film honek Gladysen gertakariaren harira garaiko gizartearen onespena lortu zuen mugimendu sozialaren erretratu bat egin nahi du", dio aurrerapenak. "Trailerra" albiste honi atxikia duzue.

"80ko hamarkada hasieran mugimendu antinuklearra puri-purian zegoen nazioartean, eta bai Euskal Herrian ere. Kostaldean eraikitzear ziren hiru zentralez gain (Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba), Arguedasen laugarren bat egiteko asmoa zegoen. Horren aurka protestatzeko, mobilizazioak antolatu ziren Tuteran. Gladys del Estal Ferreño Tuterara joan zen, baina ez zen itzuli. Manifestazio baketsu hartan, Guardia Zibil baten tiroak hil zuen", hortxe kokatzen dute egileek, dokumentalaren testuingurua.