DYA eta Odol Emaileen elkartearekin ere lankidetza berritu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 7a, 09:00

Zumarte Musika Eskolarekin egin bezala, DYA eta Usurbilgo Odol Emaileen Elkartearekin ere urtebeterako lankidetza hitzarmena berritu du Usurbilgo Udalak.

Azken egunotan lankidetza hitzarmenak berritzen ari da Usurbilgo Udala herri eragile ezberdinekin. Zumarte Musika Eskolarekin egin bezala, irudiotako ordezkariekin ere bildu da udal gobernu taldea, elkarlanari segida ematen dion dokumentua sinatzera. Kasu honetan, Udalak helarazitako albiste honi atxikitako argazkian dituzue, bi gizarte eragileetako kideak; Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea eta DYA. Urtero moduan, lankidetza hitzarmena berritu dute, "gizarteari egiten dioten ekarpenaren garrantzia tarteko". Udalak zehaztu duenez, bi eragileok guztira 5.285 euroko laguntza jasoko dute. 

Zumarterekin ere lankidetza berritua
Hitzarmena berritu dute beste urtebeterako Zumartek eta Udalak; nabarmentzeko moduko berrikuntza batekin. Udalak musika eskolari emandako laguntza %10 handituko baitu; 50.000 erotik 55.000 eurora Udaletik zehaztu dutenez, "batetik, Zumartek bere eskaintza zabaldu duelako eta, bestetik, Usurbilek kulturarekin duen lotura estuan zerikusi handia duelako musika eskolak, batez ere, herriko haurren musika formakuntzari begira".

Diru-laguntza deialdi bat martxan
Udal diru-laguntzen esparruan ere kokatu beharrak daude hitzarmenok. Aurtengo udal diru-laguntza deialdi denetara eskabideak aurkezteko epea itxita dago. Salbuespen bat bada ordea; kirol arloko norgehiagoka erregimenetik kanpoko laguntza deialdiak martxan segitzen du. 

"Kirol ekintza bereziak (Usurbilen kirol ekimenak egiten dituzten pertsona juridiko zein fisikoek eta erakunde publikoek zein pribatuei zuzendua), prestakuntza teknikoak eta oinarrizko osasun miaketak (herriko kirol elkarteek eska ditzakete, udal-erregistroan izena emanda egonez gero), Eskola Kiroleko kuoten ordainketa (Usurbilen erroldatutakoek eska dezakete)", babestea du xede nagusi lerro honek. Eskabideak aurkezteko epea urriaren 30era artekoa izango da. Informazio gehiago, apirilaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.