Koronabirusa

Osasun-larrialdi osteko zalantzak argitzeko dokumentua eguneratu du Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 7a, 10:03

Osasun-larrialdiaren egoera amaierak eragin ditzakeen zalantzak argitzeko dokumentua eguneratu du Eusko Jaurlaritzak. Hemen duzue edukia bere osotasunean, bestela esteka honetan irakur dezakezue: "ohiko galderen erantzunak".

OSASUN-LARRIALDIAREN AMAIERA
1. Zer esan nahi du osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioari amaiera emateak?
Horrek esan nahi du pandemiaren bilakaerak eta, batez ere, ospitaleetan eta ZIUetan duen eraginak kritikoa izateari uzten diola eta, beraz, gizarte-jardueren funtzionamendu normalizatuago batera itzul daitekeela. Horrela, osasun-larrialdiko egoera batetik osasun-zaintzako egoera batera pasatzen gara.

2. Zer datuk azaltzen dute osasun-larrialditik osasun-zaintzara pasatzea?
Bizi Berri IV Planaren 1. mailan ezarritako helburuak lortu dira, osasun-larrialdiari amaiera emateko eta ordutegiak, edukiera eta jardueren egitura mugatzeko neurriak altxatzeko. Zehazki: 40 ohe baino gutxiagoko ZIUko okupazioa; 60 ohe inguruko intzidentzia-tasa eta beheranzko joera pixkanaka; eta %90eko txertaketa pauta osoarekin.

3. Osasun-krisi hau gainditu eta amaitutzat jo dezakegu?
Ez. Zalantzarik gabe, egoerak hobera egin du, baina horrek ez ditu erabat desagerrarazten ezkutuko ziurgabetasunak eta mehatxuak, hiru puntutan kontzentratzen direnak: birusaren aurreikusezintasuna, mutazio-gaitasun handia duelako; txerto-defizita planetako eremu zabaletan; eta immunitate naturalak edo txertoak irauten duen ziurgabetasuna.

4. Zer neurrik jarraitzen dute indarrean?
Osasuneko sailburuaren aginduaren bidez, Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluaren esparruan lotzen gaituzten neurri hauek mantentzen dira:
-Maskara nahitaez erabili beharra (ikus aurrerago).
-Edukiera ehuneko 80ra mugatzea 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparru itxietan.
-Ekitaldietan elikagaiak eta edariak hartzeko debekua, ura izan ezik, barruko zein kanpoko esparruetan. Ostalaritzarako eta jatetxeetarako guneetan bakarrik kontsumitu ahal izango da.

5. Zer neurri geratzen dira ondoriorik gabe?
Eraginik gabe geratzen dira ordutegia, edukiera eta jardueren egituraketa mugatzen dituzten gainerako neurriak

EGOERA BERRIA
6. Ba al dago jarduerak eta establezimenduak ixteko ordu-mugarik?
Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduerak ixteko eta irekitzeko ordutegia arlo horretan aplikatu beharreko ordutegien ohiko erregulaziora egokituko da.

7. Establezimendu, ostalaritza edo saltokietan edukiera-mugaren bat dago?
Lokal eta instalazio guztietarako baimendutako gehieneko edukiera edukieraren ehuneko 100ean berrezarri da.
Lokal eta instalazio guztietan arreta berezia jarri beharko da instalazioetara sartzeko eta instalazioak uzteko protokoloetan, batez ere edukiera handienekoetan. Nolanahi ere, pertsonen arteko distantziak mantentzea eta jende-pilaketak saihestea gomendatzen da.

8. Derrigorrezkoa al da lokalen aireztapena?
Bai. Lokal eta instalazio guztiak etengabe aireztatu beharko dira.

9. Ba al dago mugarik ostalaritzako mahaietan pertsonak taldekatzeko? Barran edo zutik kontsumitu daiteke? Dantzatu daiteke?
Ostalaritzari eragiten dioten neurriak etengabeko aireztapena eta maskara erabiltzea dira. Nahitaez erabili behar dira beti, bai barrualdeetan, bai terrazetan. Gainerako neurriak indarrik gabe geratu dira.

10. Eta edariak kontsumitu daitezke edo tabernetako kanpoaldean zutik pintxoa hartu?
Taberna edo jatetxe bateko kanpoaldeko edo terrazako perimetro naturalean, establezimendu horretan bertan erositako edaria edan edo zutik har daiteke. Ordutegi muga udal ordenantza bakoitzak ezartzen du.

11. Ba al dago neurri espezifikorik joko-establezimenduetarako, txokoetarako eta elkarte gastronomikoetarako?
Ostalaritzan bezala, baimendutako gehieneko edukiera edukieraren ehuneko 100ean berrezartzen da, eta etengabe aireztatu eta maskara erabili beharra zehazten da. Gainerako neurriak indarrik gabe geratu dira.

12. Ireki al ditzakete lonjak, gazte-lokalak eta antzekoak? Zein baldintzatan?
Lonjak, gazteentzako lokalak eta antzekoak berriro irekitzea baimentzen da, gainerako establezimenduetako baldintza berberetan. Bereziki, aireztapen etengabea eta maskararen erabilera

13. Eta diskoteken eta gaueko aisialdiko establezimenduen kasuan?
Era berean, edukieraren %100 baimentzen da, eta gogorarazten da maskara erabiltzea nahitaezkoa dela uneoro, elikagaiak eta edariak hartzeko unean izan ezik.

14. Edukiera-mugarik ba al dago gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietan?
Esparru irekietan egiten diren gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldiak edukieraren %100eko edukierarekin gara daitezke. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparru itxietan egiten diren ekitaldietan, gehieneko edukiera %80 izango da.

15.Elikagaiak eta edariak kontsumi daitezke gizarte-, kultura- edo kirol- ekitaldietan?
Ez. Ekitaldiak egiten diren bitartean (Kontzertuak, kirol-lehiaketak, zinemak, antzerkiak, etab.), publikoak ezin du elikagaiak edo edariak kontsumitu, ura izan ezik. Elikagaiak eta edariak ostalaritzako eta jatetxeetako espazioetan baino ezingo dira saldu eta kontsumitu. Hau barneko zein kanpoko esparruetan aplikatu beharko da.

MASKARAREN ERABILPENARI BURUZKOA
16. Noiz da derrigorrezkoa maskara erabiltzea?
Sei urtetik gorako pertsonek nahitaez erabili beharko dute maskara, erabilera publikoko edozein gune itxitan edo jendearentzat irekita dagoen edozein gunetan, lantokiak barne.

Aire zabaleko guneetan nahitaez erabili beharko dira, baldin eta ezinezkoa bada pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko distantzia etengabe mantentzea, elkarrekin bizi diren pertsona-taldeen kasuan izan ezik. Ondorioz, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da pilaketak izaten dituzten hiri-ingurune guztietan.

Ingurune naturalean ez da maskararik erabili beharko, betiere pilaketarik edo metaketarik ez badago elkarrekin bizi ez diren beste pertsona batzuekin.

Era berean, aplikatzekoak izango dira maskarak ez erabiltzeko arrazoiak eta kasuak, betiere 13/2021 Errege Lege Dekretuaren lehenengo artikuluak aldarazitako 2/2021 Legearen 6. artikuluan legez aurreikusitako eran. Kasu horietan, norbaiti eskatzen zaionean egiaztatu dezala maskara erabiltzetik salbuetsita dagoela, desgaitasun- edo mendekotasun-maila adierazten duen agiri baten bidez dokumentatu beharko du egoera hori, edo, bestela, horretarako egindako mediku-ziurtagiri baten bidez.

17. Nahitaezkoa al da ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan, txoko, joko-areto edo lonjetan, maskara erabiltzea?
Bai. Ostalaritzako establezimendu eta zerbitzuetan, bai eta jatetxeetan ere, maskara erabiltzeko derrigortasuna une jakin batean etengo da soilik: elikagaiak edo edariak hartzeko unean, hain zuzen ere. Bestela, beti erabili behar da, bai barrualdeetan, bai terrazetan.

Lehen esan bezala, maskara nahitaez erabili beharra joko-establezimenduei, txokoei eta elkarte gastronomikoei, lonjei, gazte-lokalei eta antzekoei, diskotekei eta gaueko aisialdiko establezimenduei aplika dakiekeen neurria da.

18. Kendu dezaket maskara kirola egiten dudanean?
Edozein kirol-jardueratan, ez da maskara erabili beharko espazio naturaletan, oinezkorik gabeko hiri-ingurune periferikoetan, igerilekuetan bainua hartzerakoan, taldeen arteko kirol-lehiaketetan (entrenamenduak barne) eta kanpoko jarduera fisiko biziko ezohiko uneetan.

Gainerako kirol-jardueretan (makina-aretoetako jarduerak, programatutako jarduerak, ikastaroak, etab.), kiroldegietan edo gimnasioetan egiten badira, derrigorrezkoa da maskara erabiltzea.

19. Derrigorrezkoa al da maskara erabiltzea garraioa erabiltzen denean?
Nahitaezkoa eta ezinbestekoa da 6 urtetik gorakoek maskarak erabiltzea edozein garraiobide hartzen dutenean; hain zuzen ere, bidaiaren hasieratik bidaia amaitu arteko tarte osoan, legezko salbuespen-kasuetan izan ezik. Garraio pribatuan, ez da beharrezkoa izango maskarak erabiltzea, baldin eta bidaiariak elkarrekin bizi badira etxebizitza berean. Garraioaren arloko profesionalek ere maskara eraman beharko dute zerbitzuak irauten duen bitartean, baldin eta jendearengandik bereizitako lanleku propiorik edo babes-manpara baten bidez bereizitako lekurik ez badute.

OSASUN-ERANTZUKIZUNEKO BETEBEHARREI BURUZKOA
20. Zer prebentzio-jarrera izan behar ditut?
Maskara erabiltzeaz gain, barrualdeen etengabeko aireztapena, pertsonen arteko distantzia eta eskuen higienea. Aglomerazioak saihestea, txertaketan parte hartzea, kasuak arakatzen laguntzea eta berrogeialdiak eta isolamenduak betetzea.

21.Behartuta al nago kutsadurak arakatzen eta horien trazabilitatea egiten laguntzera?
Bai. Kutsatutako pertsonek eta haiekin harremana izan dutenek derrigorrez kolaboratu behar dute COVID-19 Kasuak eta Kontaktuak Zaintzeko EAEko Sarearen bilaketa- eta trazabilitate-lanetan. Hori dela eta, herritarrei eskatzen zaie zehaztasunez erantzuteko jarraipenaren arduradunek egiten dizkieten deiei, eta eskatzen zaien informazio guztia ahalik eta azkarren eta egiazkotasunez emateko. Pertsona guztiek bete beharko dituzte agintarien edo osasun-zerbitzuen jarraibideak, bai eta Osasun Sailarenak ere, indarrean dauden protokoloen arabera.

22.Derrigor konfinatu behar al dut neure burua agerraldi epidemiko baten eraginpean egonez gero?
Bai. COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera, epidemia-agerraldiek kaltetutako pertsonek konfinatzeko betebehar pertsonala dute, eta, horren ondorioz, isolamendu- betebeharrak zorrotz bete beharko dituzte, beste pertsona batzuekin lekualdatzeko edo aurrez aurre erlazionatzeko aukerarik gabe, bai eta berrogeialdiak betetzeko kutsatu izanaren susmoa duten beste pertsona edo pertsona-talde guztiei dagokienez. Horiek guztiek osasun-agintarien edo -zerbitzuen jarraibideak bete beharko dituzte, indarrean dauden protokoloen eta kasu bakoitzaren egoera zehatzaren arabera.


INFORMAZIO GEHIAGO
23. Non aurkitu dezaket informazio gehiago?
•Jarduera desberdinetarako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo esteka honetara: