Koronabirusa

Hainbat neurri murriztaile bertan behera Oiardo Kiroldegian, astelehenetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 8a, 07:49

Hilabeteotan Oiardo Kiroldegian indarrean izan diren hainbat neurri bertan behera utziko ditu Usurbilgo Udalak, urriaren 11tik aurrera.

Covid19ak eragindako osasun krisialdiari lotuta, indarrean ziren neurri murriztaile gehienak bertan behera uztea erabaki zuen aste hasieran Eusko Jaurlaritzak, larrialdi egoera indarrik gabe utzi eta hilabeteotan arlo honetako neurriak hartu dituen LABI-a desegitea erabakitzearekin batera.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerri guztiei eragiten ari zaie egoera aldaketa hau, ostegun honetatik. Baita Usurbili ere. Udalak hilabeteotan indarrean ziren zenbait neurri ere bertan behera uztea erabaki du. Oiardo Kiroldegiari dagokionean, astelehenetik, urriaren 11tik aurrera nabariko da aldaketa. Aldez aurreko hitzordurik ez da eskatu beharko ez igerilekua ezta gimnasioa erabiltzeko ere. Horrez gain, instalakuntzotan egoteko denbora tartea ere ez da mugatua egongo. "Salbuespena saunarena izango da: pertsona bakarra egon daiteke bertan, eta beraz, beharrezkoa izango da hitzordua aldez aurretik hartzea 943 37 24 98 telefono zenbakira deituta".

Jende pilaketak saihesteko neurriak
Eusko Jaurlaritzak indarrik gabe utzitako neurrien artean, edukiera mugak daude. Kiroldegian "edukiera %100ekoa izango da areto zein aldageletan eta maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da Kiroldegira sartu zein ateratzean eta ikastaroetan zein gimnasioan; kentzeko baimena izango dute soilik kirol entrenamendu edo partidetako jokalariek zein igerilekuko erabiltzaileek", Udalak ohartarazi duenez.

Aldaketak baita garbiketa zerbitzuetan. Desinfekzio lanen uneetan, "espazioak ez dira itxiko". Prebentzio neurriei euste aldera halere, eta "jende pilaketak saihesteko", batetik, "gimnasioko makinak dauden bezala mantenduko dituzte, 1,5 metroko distantzia bermatze aldera. Bestetik, ikastaroen orduetan igerilekuetara soilik ikastaroetako erabiltzaileak sartu ahal izango dira: printzipioz, hala izango da abendura arte, eta ondoren berriz aztertuko dute neurria bere horretan utzi edo aldatu. Horrekin batera, kiroldegi barruko espazio desberdinetara joateko norabideak mantendu egingo dituzte, eta, denborarekin, klubek ere sarrera nagusitik sartzeko aukera izango dute".

Gogoan izan baita, eskubaloi partidak ikusteko aukera dagoela Kiroldegian. Baina "harmaila berriak jarri bitartean, aulkietan eser daitezke ikusleak eta derrigorrezkoa izango da maskara janztea", Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez.