Lurraren defentsan, larunbatean Arbonara joateko deia

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 13a, 08:04

"Gu ere lurraren defentsan gaudela aldarrikatzeko urriaren 16an Arbonara joango gara Usurbildik". Larunbat honetan beraz. ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteko kideek ekainetik Arbonan okupatu duten lur eremura txangoa antolatu dute zenbait herritarrek, babesa adierazi eta bertako errealitatea ezagutzera.

Duela hilabete gutxi bertako Berroeta bideko lurrak okupatu zituzten ELB-k eta Lurzaindiak, bertako lurren defentsan, "laborarientzat izan daitezen, lurrak merkantzia hutsa baino gehiago hazkurri emaile izatea lehentasuna izan dadin eta espekulaziotik babestua izan dadin". Lurren defentsan, lurrak nekazarientzat izan daitezen defendatzeko lau hilabete igaro dira Lapurdiko Arbonan okupazioari ekin ziotenetik. Hilabeteotan hamaika ekimen bideratu dituzte; bilkurak, eztabaidak, mobilizazioak, tailerrak... "Egun 1, herri 1" dinamika abiarazia dute. Babes zabala jaso dute denbora tarte honetan. 

Okupazioaren sustatzaileek salatu dutenez, Arbonakoa ez da "kasu isolatua, Iparraldeak egoera berdintsuak bizi ditu txoko guztietan. Ekintza hau denen afera denez, biztanle guztien parte hartzea beharrezkoa da". Horregatik, "Iparralde eta Hegoaldeko herriei parte hartzeko dei zabala luzatzen diegu", adierazi dute.

Usurbildik zenbait herritarrek deialdiarekin bat egin eta Arbonara joateko irteera antolatu dute larunbat honetarako, urriaren 16rako. Hitzordura begira, hemen NOAUA!ra helarazi duten idatzia.

Lurraren defensa Arbonara goaz!
Dagoeneko entzungo zenuten Lapurdin kokatuta dagoen Arbona herrian, lur eremu baten okupazioa egin dutela. Arbonako plazatik bi kilometrora dagoen 15 hektareako lur sail bat eta bertan dagoen etxebizitza bat 3.200.000 euroren truke saltzekotan dira, orain arte laborantzarako lurrak izan direnak. Parisen bizi den emakume aberats batek erosi nahi du lur saila eta hau ekidite aldera, ekainaren 21etik aurrera ELB sindikatuko eta Lurzaindia elkarteko kideek lur eremua okupatu zuten, hau guztia salatu eta erantzun herritar bat emateko. Orduz geroztik, jende andana pasatu da elkartasuna eta atxikimendua adieraztera okupatutako eremura. Iraila guztian zehar, egunen banaketa bat egin dute eta egunero Ipar Euskal Herriko beste herri bat izango dute bide lagun “Egun bat, Herri bat” dinamikaren bidez. Egutegia edo informazio gehiago nahi baduzu, Lurzaindiako web orrian aurkitu dezakezu.

Honen jakitun gu ere lurraren defentsan gaudela aldarrikatzeko urriaren 16an Arbonara joango gara Usurbildik. Muga inposatuen gainetik lurraren espekulazioaren aurkako borroka babestu eta Arbonako kideekin bertako errealitatea hobeto ezagutzeko. Goizeko 10:00ak aldera aterako gara Oiardo kiroldegitik eta arratsaldeko 17:00ak bitartean okupatutako etxaldea ezagutu eta alboan dagoen gunean eguna pasatzea da asmoa. Bazkaria bakoitzak eraman beharko badu ere izango da bertan zer jan, edan eta batez ere bertako kideekin ze hausnartu.

Etorri nahi izanez gero idatzi zubiriaxuban@gmail.com edo lonxo@telefonica.net emailera. Itxi bidea espekulazioari.