Artzabal eta Bordatxo, Gipuzkoako 7. Bakailaozko Pintxo Txapelketan sarituak

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 13a, 13:06
Pintxo lehiaketaren antolakuntzak ateratako argazkiak.

Bakailaoari dagokion balioa eman eta jaki honen kontsumoa sustatzea helburu duen txapelketan Artzabal eta Bordatxo saritu dituzte.





Bakailaoa taberna askotako zizka-mizketan aurki dezakegun jaki goxoetako bat da. Balioan jarri eta elikagai honen kontsumoa sustatzeko antolatzen dute urtero Gipuzkoako Bakailaozko Pintxo Txapelketa. Zazpigarren edizioan, Gipuzkoako 52 taberna edota jatetxeek parte hartu dute; tartean, Usurbilgo Bordatxo edaritegiak eta Artzabal jatetxeak. Biak saritu dituzte. Artzabalen kasuan, sare sozialen bidez zehaztu dutenez, "bakailu eta mozarella bola portugesa, ajoarriero emulsioarekin" izeneko zizka-mizka izan da saritua.

Alor honetako adituez osaturiko epaimahaiak produktua bera, estetika, originaltasuna, teknika, edota balore gastronomiko eta nutrizionalak hartu ohi ditu kontuan. 

Erakusketa berria
"Akrilikoz margoturiko garezurrak" ikusgai jarri dituzte Gure Pakea elkarteko egoitzako Artzabal jatetxean, Nerea Linazasororen "Art-aldea" izeneko bilduma. "Naturak ematen dizkigun objektuei beste aukera bat ematea da nire asmoa. Gehienetan garezur hauek mendian aurkitutakoak dira eta atzealdean dituzten gureak berriz mendian eta itsasertzean jasotakoak". Abendu hasierara arte gutxienez ikusgai izango dituzue.