Koronabirusa

Gripearen aurkako txertoa hartzeko hitzordua eskatzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 14a, 08:19

Arrisku-taldeek jada gripearen aurkako txertoa hartzeko hitzordua eska dezakete gaurtik. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak astelehenean abiaraziko du kanpaina.

Covid19aren aurkako txertaketa kanpaina masiboaren amaierarekin egokitu da urterokoa den gripearen aurkako txertaketa. Astelehenean, urriaren 18an abiaraziko du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak "Eta orain gripeak ez gaitzala banandu. Jarri txertoa" aldarripean, baina jada hitzordua eska dezakete arrisku-taldeek anbulatoriora deituta edo osakidetza.eus webgunearen bidez. Arrisku-taldeetan egon ez eta txertoa hartu nahi dutenek azaroaren 15etik aurrera eskatu ahalko dute hitzordua.

"Kanpainaren helburua da pertsona zaurgarrienen osasun indibiduala zaintzea, baina baita osasun kolektiboa zaintzea ere. Hori dela eta, iaz egin zen bezala, arrisku-kolektibo bakar batekoak ez diren biztanleek ere hartu ahal izango dute txertoa, betiere txertoak eskuragarri badaude", ohartarazi du Osasun Sailak.

Aipatu moduan, gripearen aurkako txertaketa kanpainan lehentasuna arrisku-taldeok izango dute: 
-65 urte edo gehiagoko pertsonak.
-Patologia kronikoren bat duten pertsonak (biriketakoak, bihotzekoak, diabetesa…).
-Haurdun dauden emakumeak.
-Osasun-arloko profesionalak, gizarte-zerbitzuetako langileak eta familiako zaintzaileak.
-Zaharren egoitzetan bizi diren pertsonak (kolektibo horri aste honetan bertan hasi zaio jartzen txertoa).

Prebentzio neurri ezagunak
651.333 dosi ditu Osasun Sailak, %20an hazi ahalko du kopuru hau eskaria handiagoa balitz. "Gogoan izan behar dugu iaz 595.084 txerto jarri zirela, aurreko kanpainan baino % 34 gehiago. 65 urtetik gorako pertsonen kasuan, ordura arte inoiz lortu ez ziren estaldura-tasak lortu ziren; zehazki, % 70,9, aurreko urteko % 58 estalduraren aldean".

Covid19ak eragindako osasun krisialdian hain ohikoa bilakatu den musukoen erabilera gripearen hedapena eragozteko ere baliatzera deitu du Osasun Sailak bereziki sintomarik balego edo leku itxietan, txertoa jartzeko gonbita luzatzearekin batera. Koronabirusarekin hartu behar izan genituen gainerako prebentzio neurriok ere bai; "besteak beste, eskuak garbitzea, jendetza saihestea, espazio itxiak aireztatzea".

Dosi bikoitza
Gripearen aurkako txertaketa kanpaina, covid19aren aurkako hirugarren dosia hartzeko garaiarekin egokituko da. Hirugarren dosi hau, gripearen aurkakoarekin batera jartzeko aukera izango dute 70 urte edo gehiago dituztenek, beti ere covid19aren aurkako txertoa duela sei hilabete edo gehiago jarria badute.