Egitasmoen %60,77 gauzatuta heldu da udal gobernu taldea legealdi erdira

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 20a, 10:08

2019-2023 legealdia erdibidera heldu den honetan, lehen bi urteotako balantzea plazaratu du Usurbilgo udal gobernu taldeak.

2020. urte hasieran aurkeztu zuten Legealdi Plana eskutan, 130 neurri edo egitasmo bideratzea aurreikusten zuten 2023. urtera arte. Bi urteko tartean, %60,77 gauzatu edo abian dituzte; "30 eta 40 hurrenez hurren", udal gobernu taldetik zehaztu dutenez. 

Kontuan hartzekoa da, Legealdi Plan hartan aurreikusi ezin izan zen aurrekaririk gabeko osasun krisialdi bati aurre egin beharrean aurkitu dela udalerri hau; eta horrek ezohiko erabakiak hartu beharra ekarri du. "Neurri berriak 88 dira, eta horietatik 68 daude martxan edo eginda", udal gobernu taldearen esanetan.

Guztira, 218 neurri dira, aipatu moduan, %67,43 gauzatuta edo martxan daude. “Proiektu izarrak” martxan dituela gogorarazi dute udal gobernu taldetik. Batetik, parte hartze prozesua burututa, obrak amaituta 2023. urte hasieran zabaldu nahi lukete Emakumeen Etxea; garai beretsuan zabalduko dute baita asteotan eraikitzen hasi eta Ugartondoko urbanizazio berrian kokatuko den belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa, Txirikorda.

Jatorri aniztasunean eta elkarbizitzan sakonduko duen diagnosia landu ostean, hilaren 26an plana aurkeztu eta herritarren talde bat osatu nahi dute. Abian dute zaintza-ereduaren inguruko parte hartze prozesua, talde eragilea lanean, baita Oinherri egitasmoarena ere. Zapategi eremurako lankidetza hitzarmena onartua dute Gureak, Balfer eta Michelinek.

Pandemiak ekarritako bi proiektu ere nabarmentzen ditu udal gobernu taldeak; tokiko merkataritza bultzatzeko gertuago.eus ataria eta Kultur Bira, usurbilkultura.eus plataformarekin batera. Memoria eta bizikidetza egitasmoa ere abian da, 1936ko gerrak Usurbilen izandako eragina ezagutarazteko proiektuarekin. Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra datorren urtean hasieraz onartu nahi dute. Hondakinen bilketan hobekuntzak txertatzeko neurriak hartu dituzte. Udal zerbitzuen digitalizaziora jauzi egin dute.

Herri eta auzoei dagokienean; “Guk Zubietan zer” parte hartze prozesua osatu dute Zubietan, Aginagan Eliza Zarra berritu eta HAPO-aren lanketa bideratu dute, Santuenea eraberritzeko prozesua martxan dute. Kalezarren aipatzekoa Pelaioenearen bueltan egindako parte hartze prozesua eta auzo elkartearen berraktibatzea.

Ezohiko neurri sorta
Covid19-ak eragindako osasun krisialdiak baldintzaturiko legealdia izaten ari dela nabarmentzen dute udal gobernu taldetik. “Kolektibo eta pertsona zaurgarrienengan” jarria dute begira EHBilduren esanetan pandemia hasieratik. Hartutako ezohiko neurrien artean daude: 32 familiek jasotako elikadura bermatzeko ezohiko dirulaguntza deialdia, konfinamendua hasi berritan bete ziren indarkeria sexista pairatzen ari ziren emakumeentzako  bi etxebizitza; bakardadea arintzeko 65 urtetik gorako 1.024 herritarrei egindako 800 dei baino gehiago; bina musukoren banaketa etxe guztietan; hondakinen bilketa berezitua berrogeialdian zirenentzat; ostalarientzako dirulaguntzak, etendako zerbitzu publikoen berregokitzea… Komunitatearekin elkarlanean bideratu zituzten Herritarren Babes Sarea, Gertuago kanpaina eta Kultur Bira.

Herri eragileekin eginiko bileran bertan behera geraturiko herri bizitza suspertzea erabaki zuten iazko udazkenean, beharrezko segurtasun neurriak bermatuta. Eta covid19ak ekarritako konfinamendu orokorrak atzerarazitako Legealdi Planeko hainbat proiektuei heldu zien berriz udal gobernu taldeak. Baliabideak eta diru-sarrerak gutxitu arren, “egoera zail honetan inoiz baino garbiago izan dugu zer blindatu behar den”. EHBilduren esanetan, “gizarte babesa eta tokikoaren zaintza, izan ekonomikoa, kultura, soziala”. Alor hauetan aurten martxan jarritako laguntza lerro berriak nabarmendu dituzte; alokairurako, jarduera ekonomiko berriak abiarazteko, Eskola Kirolerako, kultur sormenerako…

Aparteko neurri gehiago ere hartu dituzte; "zaintza ereduari buruzko parte-hartze prozesua, merkatu libreko etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzak, oinarrizko euskara klaseak adinekoentzat, LGTBI lan ildoa aktibatzea, kotxe konpartitu elektrikoa, saneamendu mahaia osatzea, gazteen enplegu plana aktibatzea (energia teknikaria kontratatuz), Eskola Kirolerako sarbidea errazteko dirulaguntza, errotarri eta mugarrien lanketa, Txokoaldeko Erroizpe aurreko plaza txukuntzea, oinezkoei lehentasuna ematea Zumarte aurrean, Iruin eta Artzabaleta batzen dituen bidea txukuntzea, Zirimara zabaltzen jarraitzea edo Usurbil Suspertuz martxan jartzea".

"Usurbiltzen"
Datorren urtera begira, zerga politikan iragarri du “jauzia” udal gobernu taldeak; hobarien eskaintza nabarmen zabalduko duen 2022ko ordenantza fiskalei esker. Legealdiko Planaren garapen maila ezagutzeko web orrialde bat zabalik du Usurbilgo Udalak eta bertan jaso dezakezue informazio gehiago; usurbiltzen.eus atarian.

 

Eginda

Martxan

Zehaztuta

Zehaztu gabe

Guztira

Legealdi Planekoak

40

[%30,77]

39

[%30]

21

[%16,15]

30

[%23,08]

130

%100

Apartekoak

56

12

11

9

88

Guztira

96

[%44,04]

51

[%23,39]

32

[%14,68]

39

[%17,89]

218

[%100]

Hauei, Legealdi Planean jasotako 2023ra arte proiektu nagusiak erantsi behar, martxan direnak. 

Proiektua

Egoera

Emakumeen Etxea

Parte-hartze prozesua, eginda. Obrak amaitu eta 2023 hasieran irekitzeko aurreikuspena.

Txirikorda

Obrak esleituta; urrian hastekoak dira. 2023 hasieran martxan egoteko aurreikuspena.

Jatorri aniztasuna

Urriaren 26an aurkeztuko diete herritarrei lanketarako plana; talde bat osatzen saiatuko dira.

Herri/auzoak

Zubieta. “Guk Zubietan zer?” parte-hartzea, HAPOaren barruan.

Txokoalde. Udal-ekipamenduaren birgaitzea eta Txokoargi auzo elkartearen sorrera.

Aginaga. Eliza Zarra + HAPOren lanketa. Kalezar. Udal-ekipamendua sortzeko parte-hartze prozesua eta auzo elkartea berraktibatzea.

Santuenea. Auzoaren eraberritze integralerako auzo plana osatzeko parte-hartzea, martxan.

Zaintza-ereduari buruzko parte-hartze prozesua

Talde eragilea, martxan.

Zapategi

Akordioa lortu berri Gureak, Balfer eta Michelinekin. 

Gertuago.eus

Usurbilgo merkataritza bultzatzeko egitasmoa, erreferentzialtasuna lortzeko lanean.

Kultur Bira

Kultur ekitaldien erreferentziazko leiho bihurtu da.

Oinherri

Talde eragilea, martxan.

Euskaraldia

Euskara batzordea sortu da. Jubilatuen euskara ikastaroak.

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra

2022an onartu nahi dute, hasieraz.

Memoria eta bizikidetza

36ko gerrak Usurbilen izan zuen eragina ezagutu eta ezagutarazteko proiektua, martxan.

Trantsizio energetikoa

Auto konpartitua eta eraikin publikoetako lanketa.

Hondakinen bilketa

Hobetzeko neurriak hartu berri. 

Ondarea

Errotarri eta mugarrien inguruko lana.

Zirimara

Auzoetara zabaldu da.

Udalaren digitalizazioa eta barne antolaketa

Telematikoki zerbitzu gehiago eskaintzeko lanean.