Buruntzaldean murgiltzeko gonbita, igandeko eskualde mailako 13. Ibilbideen Egunean

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 15a, 11:12

Pandemiak ekimena iaz ospatzea eragotzi ostean, aurten bai, igandean, urriaren 17an Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil lotuko dituen ibilbideen egunaren 13. edizioa ospatuko da.

Eskualdeko udalerriak lotzen zituen Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna. 13. edizioa behar zuena, aurten bai, osasun krisialdiak hobera egin duenez, ohi bezala ospatu ahalko da, urriaren 17an. 

Ibilbide luzea jorratu duen ekimenak kirol arloan elkarlanean diharduten Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalerriak batuko ditu. Ohi bezala tokian tokiko mendizaleen bilguneekin elkarlanean antolaturiko hitzordu hau ez da lehiakorra izaten. "Edozein publiko motarentzat egokia den jarduera fisikoa egiteko eta Buruntzaldea eskualdeko eta bere landa-ingurune naturala ezagutzeko aukera dugu ekimen honekin", antolatzaileen esanetan.

Hilaren 17ko ekimenean, bost ibilbide izango dira aukeran, "landako paisaiatik barrena paseoez gozatzeko, belardiak eta basoak zeharkatuz eta baserri, baseliza, karobi eta, natura nahiz kultura aldetik, interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbilduz". 

Gogoan izan, ibilbideok osatzeko mugikorrean baliatu ahalko duzuen Navi Ruta aplikazioa lagungarria izango zaizue. Bidean zehar kontrolak eta anoa eskainiko duten postuak jarriko dituzte antolatzaileek. Norbera bere udalerrira itzultzeko autobus zerbitzua ere egongo da.  


BURUNTZALDEKO IBILBIDEEN 13. EGUNA
Eguna: urriak 17, igandea.
Ordua: 8:00-14:00.
Kontrolak eta anoa eskainiko diren postuak ezarriko dituzte herri guztietan:
Andoainen eta Urnietan: herriko plazan.
Lasarte-Orian: Elizatze plazan.
Usurbilen: Santueneko bidegurutzean eta Aginagako Mapil baserri ondoan.
Bideetako seinaleztapena, udalerri bakoitzaren kolorean: Andoain urdina, Lasarte-Oria urre zaharra, Urnieta berdea eta Usurbil laranja. Udalerri guztietan bideei buruzko informazio panelak.

ANDOAIN – LASARTE-ORIA. Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginda. Koloreak: urdina eta urre zaharra; 7,9 km. Soilik oinez egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.

ANDOAIN – URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

ANDOAIN – USURBIL. Andatzatik barrena. Koloreak, urdina eta laranja; 14,9 km. Soilik oinez egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.

LASARTE-ORIA – URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

LASARTE-ORIA – USURBIL – AGINAGA. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 9 km (Santuenetik barrena Aginagako Mapil ingururaino). Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

Lagungarria: Navi Ruta aplikazioa, telefono mugikorrarentzat egokia, ibilbideren bat egiterakoan informazioa modu jarraituan jasotzeko; kokapena, jarraitu beharreko norabidea, interes-guneak... Aplikazioa deskargatzeko eta ibilbide bakoitza aktibatzeko udalerri bakoitzean jarrian dauden paneletan jarritako QR kodeak eskaneatu beharko dira edota herri bakoitzari dagokion zenbaki hau jarri beharko da: 125 (Andoain), 123 (Lasarte-Oria), 126 (Usurbil), 124 (Urnieta).

Autobus zerbitzua: 12:00etan irtengo da Aginagako Ezpaldiko gasolindegitik eta 14:00etan azkena toki berdinetik. Ibilbideko geltokiak: Aginaga (Ezpaldiko gasolindegia), Usurbilgo San Ignazio biribilgunea, Lasarte-Oriako Dorretxeko biribilgunea, Andoaingo Goikoplaza atzealdea eta Urnietako Kioskoa. Geltokietan jarriko dute autobus ordutegia, bestela hemen duzue:
-Aginaga, Ezpaldiko gasolindegia: 12:00, 13:00, 14:00.
-Usurbil, San Inazioko biribilgunea: 12:07, 13:07, 14:07.
-Lasarte-Oria, Dorretxeko biribilgunea: 12:15, 13:15, 14:15.
-Andoain, Goikoplaza atzealdea: 12:30, 13:30, 14:30.
-Urnieta, Kiosko geltokia: 12:40, 13:40, 14:40.

Antolatzaileak: Buruntzaldeko udaletako kirol zerbitzuak (Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil).
Laguntzaileak: Andatza Mendi Elkartea (Usurbil), Euskalduna Mendigoizale Elkartea (Andoain), Ostadar S.K.T. mendizaleen eta ipar-martxa sailak (Lasarte-Oria).