Giza proba

Joseba Sanchezek aurre hartu die Usurbil Herri Kirol Taldekoei

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 17a, 15:05

Leitzarra nagusitu da igande eguerdi honetan ospatu den giza proba ikusgarrian. Ahalegin itzela egin dute parte hartzaile guztiek.

Ikusgarria egin duten ahalegina, eta eskaini duten ikuskizuna. Herri kirolen plazan bilakatu du Usurbil Herri Kirol Taldeak igande goiz honetan udalerri hau. Aurrez aurre, erronka handi baten bueltan lehiatu dira aipatu taldeko hiru kide; Aimar Zuloaga Segurola, Gabi Sarasola Ibargoyen eta Iurgi Mendiluze Zuloaga, 1.800 kiloko Urepel harriari tiraka. Eta haiekin Joseba Sanchez leitzarra 750 kiloko "Txefarria"-ri tira behar zion. Bi aurkariek 30 minutuko tartea zuten. Txalo zaparrada jaso dute guztiek egin duten ahalegina itzela izan baita. Batek nagusitu behar ordea eta azkenean leitzarrak aurre hartu die usurbildarrei.

Emaitza
Joseba Sanchez: 2 plaza, zinta bat eta 80 zentimetro.
Usurbil Herri Kirol Taldea: plaza bat, 10 zinta eta 30 zentimetro.

ETB-n ikusgai
Bertaratzerik izan ez duzuenontzat, antolakuntzak plazaratu duen oharra: Euskal Telebistako kamerek grabatu dute igande goiz honetako giza proba. Astebete barru eskaintzekoak dira telebista bidez, ETB1-en hain zuzen. Urriaren 24an (igandea) goizeko 11:00etan hasita, ordu erdiko saio baten barruan.