Amets Arzallusek "Miñan" liburua aurkeztuko du gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 20a, 08:03

Amets Arzallusen "Miñan" liburuaren aurkezpena antolatu du Udalak asteazken honetan, urriaren 20an 19:00etan Sutegin. Egilea kultur-etxera gonbidatuko dute. 

Amets Arzallus Sutegira gonbidatu dute udal liburutegikoek, bere "Miñan" sortze lana aurkeztera asteazken honetan, urriaren 20an 19:00etan. Gaurkotasun handiko gaiari heltzen dio Ametsek. "Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da nobela hau, hark ahoz eta Amets Arzallus Antiak letraz idatzia". Susa argitaletxeak plazaraturiko liburuaren aurrerapenean irakur dezakegunez, "Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du".

Nahi izanez gero, solasaldira liburua aurrez irakurrita joan zaitezkete. "Liburuaren hainbat ale dugu zuretzat eskuragarri; Zatoz, eta eskaiguzu!", luzatu dute gonbita Sutegi udal liburutegitik.

"Irudipuinak"
"Udazkena liburutegian" zikloaren baitan antolatu du Sutegi udal liburutegiak "Miñan" liburuaren aurkezpena. Baita,udaberrian bertan behera utzi behar izan zuten "Irudipuinak" emanaldia ere; urriaren 27an antolatzea erabaki dute. Ixabel Agirresarobek ipuin kontalari gisa jardungo du eta artean, Mattin zuzenean marrazten ariko da. 

"Udazkena liburutegian"
"Miñan" liburuaren aurkezpena
Eguna: urriak 20, asteazkena.
Ordua: 19:00.
Tokia: Sutegi aretoa.
Zehaztasunak: "Miñan liburuaren inguruko aurkezpen-solasaldia, Amets Arzallusen eskutik".
Izen ematea: usurbilkultura.eus plataforman. 
Oharra: "Liburuaren hainbat ale dugu zuretzat eskuragarri; Zatoz, eta eskaiguzu!".
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.

"Irudipuinak"
Eguna: urriak 27, asteazkena.
Ordua: 18:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: "Ixabel Agirresarobe ipuin kontalari eta Mattin zuzenean marrazten ( irudiak pantaila handian ikusi ahal izango ditugu). Publiko zabalari eskainitako saioa izango da, baina 6 urtetik beherakoek heldu batek lagunduta etorri beharko dute".
Izen ematea: urriaren 25a baino lehen usurbilkultura.eus plataforman.
Edukiera: 93 lagun.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.