Susperraldi ekonomikoa, PSE-rentzat lehentasun

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 20a, 09:56

2019-23 legealdia erdibidera heldu den honetan ere hitza hartu du PSE-k. Susperraldi ekonomikoa  hortxe Patxi Suarez udal ordezkariaren esanetan, datozen bi urteotarako erronka nagusia, “inor atzean ez uzteko”.

Horretarako ezinbestekotzat jotzen du Udalak “ahalik eta babes handiena” ematea herritarrei. “Are gehiago, gure herriaren susperraldi ekonomiko eta sozialerako oinarriak orain lantzen ari garen udal-aurrekontuaren proiektuan jaso behar dira”. Ekarpenik egin nahi duenak pse@usurbil.eus helbidera idazteko deia egin du zinegotzi sozialistak, NOAUA!-ra helarazi duen oharrean.

Iaz onarturiko aurtengorako udal aurrekontuak ekarri ditu gogora PSE-k. Nola “sozialistok, borondate oneko keinu bezala, osoko zuzenketa kendu genuen, udal kontuek jasotzen zituzten partida batzuen agenda independentistarekin ados egon ez arren”. EHBilduren udal gobernu taldearekin “oinarrizko” gaietan elkarlanean aritzeko bere laguntza eskaini diola PSE-k pandemia hasieratik, “herritar guztiei eragiten baitzieten eta aurrera egiteko indar politiko guztien batasuna behar baitzen”.

Bestetik, iraila amaierako udalbatzarrean hobarien eskaintza handitzea ahalbitzen zuen 2022ko ordenantza fiskalen aurka bozkatu izanaren inguruan argibideak eskaini ditu. “EHBilduk aurkeztutako ordenantza fiskaletan kontra bozkatu genuen, nahiz eta hobari fiskalak izan, uste baitugu tasak eta zergak izozteko unea dela, igoera gutxienekoa izanda ere”. Tasak izoztearen helburua, “tokiko ekonomia suspertzea ere bada eta hori herri osoarentzat onuragarria da”. Suarezen esanetan, “Usurbilgo ostalaritza, merkataritza, enpresak eta enpleguak mantentzeaz gain, indartu eta enpresa eta lanpostu berriak sortu ere egin nahi ditugu”. Ildo horretan, udalbatzak iraila amaieran hartutako erabakia, suspertze ekonomikorako “galdutako aukera” bat da.

Usurbilgo PSE-k, covid19ak “kaltetutako pertsonak eta haien familiakoak gogorarazi nahi ditu” eta “gure goraintziak eta elkartasuna” helarazi. Iaz baino “hobeto gaudela” oroitarazita, “Usurbil zoriondu” du, eremu berdean egoteagatik. “Pandemiaren joerak beherantz jarraitzen du, eta, hortaz, ez gaude kutsatzeko arrisku handienean”.