"NOAUA! bere sentitzen duen herritar oro" gonbidatua, larunbateko NOAUA!Fest ekitaldira

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 20a, 09:45
Duela 25 urte, NOAUA! K.E.-ren sorreran parte hartu zutenak.

Bete dituen 25 urteok bidelagun izan duen herriarekin ospatu nahi ditu NOAUA! Kultur Elkarteak, larunbaterako (urriak 23), antolatu duen NOAUA!Fest ekitaldi bereziarekin.

Arratsaldeko 18:30etan hasita frontoian mende laurden honetan zehar bidelagun izan dituenak bilduko dira. Urtemuga da hain zuzen ospatu nahi dena, baina noski, "urte hauetan guztietan ondoan izan ditugunekin; hasierako sortzaile haiekin, kolaboratzaileekin, langileekin, gure ondoan egon diren eragile, norbanako, bazkideekin...", adierazi dio hedabide honi, NOAUA! Kultur Elkarteko dinamizatzaile Alaitz Aizpurua Labakak.

Zenbaezinak baitira, 25 urteotan proiektu hau babestu, sustatu, lagundu dutenak. "Auzolanaren adibide argi bat izan zen eta izan da gerora ere. Ekitaldirako gonbidapenak prestatzen hasi garenean, ikaragarria da ikustea zenbat jendek parte hartu duen 25 urte hauetan", azaldu du Aizpuruak.

Hitzordu dinamikoa izan nahi du larunbatekoak. "Ekitaldia antolatzerakoan argi izan dugu, herritarren parte hartzea bultzatu nahi genuela, umoretik. Euskaldunok ere gustuko dugu mahai inguru batean egotea eta hori guztia jasoko du ekitaldi horrek", Aizpuruaren esanetan.

"Noaua! bere sentitzen duen herritar oro" deitu du hilaren 23ko NOAUA!Fest ospakizunera. Bezperan, haurrei zuzenduriko "Meri, Mari eta Lari", haurrentzako ikuskizuna:

 
NOAUA!Fest
"Meri, Mari eta Lari"
Eguna: urriak 22, ostirala.
Ordua: 17:00.
Tokia: Potxoenea ondoko Olanoenea plaza (euria bada, Sutegin).
Zehaztasunak: "Yogurinah Borovaren kantuak eta Maria Urzelairen ipuin kontaketa uztartzen ditu emanaldi honek. Sexu identitatearen inguruko hausnarketa egitea du helburu. Meri haurdun dago. Laster izango du umea. Aspaldi ikusi gabeko Mari lagunarekin topo egingo du. Marik ez zekien Meri haurdun zegoenik. Ezusteko ederra jaso du. Eta iritsi da betiko galdera: umea zer izango den galdetu dio Marik Meriri. Zergaitik galdetu behar dugu neska ala mutila izango den? Hori ez al du umeak berak aukeratuko etorkizunean? Izan nahi duen guztia izango du aukeran umeak: ameslaria, dantzaria, pilotaria, borrokalaria, jostalaria… Horregatik jarriko diote Lari izena".
Edukiera: 93 lagun.
Izen ematea: doan urriaren 20a baino lehen, usurbilkultura.eus plataforman. 
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.

NOAUA!Fest
Eguna: urriak 23, larunbata.
Ordua: 18:30.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Zehaztasunak: "NOAUA! Kultur Elkarteak mende laurden bete du!!! Ez da marka makala eta hau zuri esker egin dugu. Herritik auzolanean jaiotako ekimena izan da Noaua! Eta aurrera begira ere herritik eta herriarentzako izaten jarraitu nahi dugu. Eta zuekin jarraitu nahi dugu erronka horretan. Herria herritik, beste 25 baietz!!! Eta nola ez, zurekin ospatu nahi dugu urteurren hau, sortzaileekin, kolaboratzaileekin, langileekin, banatzaileekin, auzotarrekin, herriko elkarteekin; zurekin HERRITARREKIN!!! Bertsoak, musika, jan-edana, dantza, jolasak eta batez ere... festa giroa! Izango dugu. Etorriko zara, ezta? Bestela EAMANGOAUE!".
Izen ematea: usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.