Klima aldaketa hizpide, Anerrekaren datorren hitzaldian

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 21a, 09:04

"Jasangarritasunaren izugarrizko erronka batean gaude eta nonbaitetik krak egingo du. Hobe esanda, krak egiten ari da jada", ohartarazi du Anerreka ingurumen elkarteak, hitzaldiaren aurrerapenean.

Larrialdi klimatikoaren harira azaroaren 1etik 12ra Glasgown (Eskozia) goi bilera deitu du  Nazio Batuen Erakundeak. Garai horretan Usurbilen, Anerreka ingurumen elkarteak klima aldaketa hizpide izango duen hitzaldia antolatu du azaroaren 2an hain zuzen, Sutegin. Unai Pascual, Ekonomialari ekologikoa, BC3ko ikertzailea, Gobernu-arteko IPBES plataformako kidea gonbidatuko dute hitzordura. 

Historikotzat jotzen duten klima aldaketaren gaia hartuko du ahotan. "Bioaniztasunaren erronkari erantzuteko gure posizionamendua zein den argitu beharra daukagu. Hausnarketa sakon bat egin behar da. Jasangarritasunaren izugarrizko erronka batean gaude eta nonbaitetik krak egingo du. Hobe esanda, krak egiten ari da jada", ohartarazi dute Anerrekatik.

Hainbat datu jarri ditu horren erakusle gisa; "IPBES-ek argitaratutako azken diagnostikoan jasotzen denez, lurrazalaren %75a nabarmen aldatuta dago gizakiaren eskusartzearen ondorioz, hezeguneen %85a galdu da, ozeanoen %13a bakarrik da birjina……Baina txosten honek oihartzun handiena ondorengo lerro-buruagatik izan zuen: planetak hurrengo hamarkadetan 1.000.000 espezie desberdin galtzeko arriskua dauka. Hau da 8 espezietatik 1 galtzeko arriskuan gaude jadanik".

Egoera honen aurrean, antolatzaileen esanetan, "herrialde bakoitzak metatuta zenbat CO2 sortu duen begiratu beharra dago bakoitzaren erantzukizuna neurtzeko. 2015ean Parisen hartu zituzten promesak beteko balira ere lurraren tenperatura 3 gradutatik gora igoko litzateke".

Klima aldaketari buruzko hitzaldia
Eguna:
azaroak 2, asteartea.
Ordua:
18:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Hizlaria: Unai Pascual, Ekonomialari ekologikoa, BC3ko ikertzailea, Gobernu-arteko IPBES plataformako kidea.
Zehaztasunak:
Antolatzailea: Anerreka elkartea.