Migrazioaren bidaia latza, "Miñan" liburuaren aurkezpenean

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 21a, 10:07

Etxepean bizitako errealitatearen kontakizuna egin zuen asteazken iluntzean Sutegin Amets Arzallusek bere "Miñan" liburuaren aurkezpenean.

Gaurkotasun handiko gai latza ekarri zuen Sutegi udal liburutegiak, asteazken iluntzean kultur-etxeko auditorioko oholtza gainera; Europarako bidean muturreko baldintzetan migranteek egin behar duten bidaia latz, amaigabe, oztopotsua, kasu batean baino gehiagotan, helmugara bidean bizia galtzeraino eramaten dituen bidaia. 

Migrazioa izan zuten hizpide "Miñan" liburuaren aurkezpenean. Bere egile Amets Arzallus gonbidatu zuten udal liburutegikoek ekitaldira. "Ilusio handiz espero genuen, ahoz aho eta eskuz esku dabilen liburua da", zioen ekitaldi hasieran Bakartxo Iguaran udal liburutegiko langileak. Hendaiarraren sortze lanaren arrakasta itzela azpimarratu zuen, horren erakusle, "urteetan libururik hartu ez duen zenbat jendek "Miñan" irakurri duen gustura, interes handiz". Bere iritziz, "sufrimendua eta gozamena" eragiten duen liburua da "Miñan". 

"Gure etxepean oinez pasatzen ikusten genituen"
Europa aldera egindako Ibrahimaren bidearen kontakizuna biltzen du. Arzallusek beregana nola hurbildu zen azaldı zuen Sutegin. 2018an sortutako Irungo Harrera Sarea tarteko izan zen. Udalerri horretara egunero heltzen diren migranteei orientazioa, babesa, laguntza eskaintzen die bolondres taldeak.

Hurbiletik, etxetik bizi du errealitate hau Amets Arzallusek. "Gure etxepean oinez pasatzen ikusten genituen", denetariko migranteak. Tartean, "oso jende gaztea, 18 urtez azpiko haurrak, baita amak haur txikiekin", Sutegin zioenez. Denak muturreko baldintzetan, "gure herria zeharkatzen".

"Miñan" liburuko protagonista Renfeko tren geltokian ezagutu zuen Ametsek duela hiru urte. Ordutik "harreman nahiko hurbila eta sakona egiten joan nintzen". Denborarekin, ikusi zuen bazuela "edonork entzutea merezi zuen istorio bat". Arzallusen esanetan, "bere kasuak argi merezi zuen harago joatea, harremanagatik, bere kontatzeko modu bereziagatik, literatura isurtzen zuelako eta behar handiagatik. Zoritxarrez hemen babes politikoa jasotzeko aukera oso txikia zuen istorioa zelako".

Ametsen kontakizunaren pasarte batzuk albiste honi atxikitako bideoan dituzue. Kontakizun osoa, liburutegian eskura dezakezuen "Miñan" sortze lanean.

"Irudipuinak"
"Udazkena liburutegian" zikloaren baitan antolatu du Sutegi udal liburutegiak "Miñan" liburuaren aurkezpena. Baita,udaberrian bertan behera utzi behar izan zuten "Irudipuinak" emanaldia ere; urriaren 27an antolatzea erabaki dute, 18:00etan kultur-etxeko auditorioan. Ixabel Agirresarobek ipuin kontalari gisa jardungo du eta artean, Mattin zuzenean marrazten ariko da. Ekitaldirako izena aurrez bidera dezakezue usurbilkultura.eus plataforman.