#udalbatzarra

KPI-aren igoera aplikatuko zaie 2022ko taxi tarifei

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 29a, 13:04

Urte berrirako herri barruko 2022rako taxi tarifak onartu ditu udalbatzak aho batez, ostegun honetako osoko bilkuran.

Ekaineko KPI-aren igoera aplikatzea erabaki dute eta beraz, %2,9 garestituko dira taxi tarifak urte berrian sartzearekin batera. Bai Usurbilgoak baita Buruntzaldekoak ere. Udalak eta taxien langileen ordezkariak biltzen dituen Buruntzaldeko Taxiaren Eskualdeko Batzordeak berrikusten ditu urtero taxi tarifak eta hurrengo urtekoak zehazten ditu. Irailaren 24an egin zuten bilkuran aipatu moduan, KPI-aren igoera %2,9ko igoera aplikatzea onartu zuten aho batez. Proposamena gero eskualdeko udalbatzek onartu behar izaten dute; Usurbilgoak aho bateko babesa eman dio proposamenari, ostegun honetako udalbatzarrean.

2022ko tarifak
Lanegunetan, 07:00-22:00 artean:
Gutxieneko tarifa: 5,5197 euro.
Egindako kilometro bakoitzeko: 1,1735 euro.
Itxaronaldia, orduko: 22,5187 euro.

Egunero 22:00-07:00 artean, igande eta jai egunetan, abenduaren 24 eta 31n:
Gutxieneko tarifa: 6,5792 euro.
Egindako kilometro bakoitzeko: 1,8797 euro.
Itxaronaldia, orduko: 35,3901 euro.