#udalbatzarra

“Añarbeko Behe Kanalaren Alternatiba”-ko lanak lehenbailehen egiteko eskaera

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 29a, 13:47

Ahal bezain laster 1960ko Añarbeko Behe Kanalaren alternatiba eraikitzeko lanak abiaraztea eskatu du udalbatzak, ostegun honetan aho batez onartu duen mozioaren bidez. "300.000 gipuzkoar baino gehiagorentzako ur-hornidura arriskuan egongo litzateke egungo Beheko Kanalak ezbeharren bat izango balu 11,9 kilometro luzeko punturen batean", ohartarazten du udal talde guztien babesa jaso duen testuak.

Eskari hau urriaren 28ko osoko bilkuran aho batez onarturiko mozio bidez bideratzen dio udalbatzak, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari. Lanok 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan txertatzea edota “eskura duen beste edozein finantzaketa-sistema bidez” gauzatzea eskatu zuten.

Erakunde ezberdinek hainbat urrats eman arren egitasmo honek esleitu gabe segitzen du mozioak ohartarazten duenez, eta ondorioz, 11,9 kilometro luze dituen “egungo Behe Kanalak (Añarbe eta Petritegiko edateko uren tratamendu estazio artekoa) ondorio larriren bat izateko arriskua du”. 1960koa da eta zaharkitua dago, eta kanal alternatiborik ez dago. Horregatik, “hura konpontzeko ezintasunak are premiazkoagoa egiten du azpiegitura alternatibo hori eraikitzea”. Ezbeharrik gertatuko balitz, “300.000 gipuzkoar baino gehiagorentzako (tartean usurbildarrentzat) ur-hornidura  arriskuan egongo litzateke” ohartarazten du mozioak.


MOZIOA
"Beheko Kanalaren Alternatiba" izeneko azpiegitura ezinbestekoa da Mankomunitateko hamar udalerrietako 300.000 biztanleri baino gehiagori hornidura ziurtatzeko, Usurbil udalerrikoak barne. 

24 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa da, eta 2010ean "Estatuaren Interes Orokor" izendatu zuten. Ondorioz, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak finantzatu eta gauzatu behar du, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren bidez.

Azken urteotan obrak hasi ahal izateko erakunde ezberdinek hainbat gestio egin dituzten arren, lanak oraindik lizitatu gabe daude, eta, ondorioz, egungo Behe Kanalak-Añarbeko urtegitik Petritegiko edateko uren tratamendu estaziora ura etengabe garraitzen duenak-ondorio larriren bat izateko arriskua du.

Gaur egungo hodiaren antzinatasunak-Beheko Kanala 1960an eraiki zen- eta ura garraiatzeko bigarren kanalik ez dagoen bitartean hura konpontzeko ezintasunak are premiazkoagoa egiten dute azpiegitura alternatibo hori eraikitzea.

300.000 gipuzkoar baino gehiagorentzako ur-hornidura arriskuan egongo litzateke egungo Beheko Kanalak ezbeharren bat izango balu 11,9 kilometro luzeko punturen batean.

Azaldutakoa ikusirik, Zerbitzuak eta Mantenuko Batzordeak, 2021eko urriaren 20an egindako bilkuran, Lur Etxeberria, Jose Mari Iribar, Carlos Perez eta Patxi Suarezen aldeko botoekin, Udalbatza Plenoari honako irizpena onartzea proposatzen dio:
1-Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari eskatzen dio lehenbailehen egin ditzala "Añarbeko Behe Kanalaren Alternatiba"-ko lanak, bai 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan sartuta, bai eskura duen beste edozein finantzaketa-sistema bidez.