Xiberoko ikastolen aldeko otarrak eskatzeko epea zabalik

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 2a, 08:34

Zuberoako ikastolak eta euskara laguntzeko elkartasun kanpaina abian da beste behin. Egitasmoak Usurbilen bidelagunak ditu aspalditik.

"Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik. Euskara hizkuntza guttiagotua da gure lurraldean. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, Ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen". Ikastolak eta euskara laguntzeko elkartasun kanpaina bueltan datorkigu Xiberoatik.

Tokiko produktu goxoez hornituriko otarren kanpaina abiarazi dute berriz. 
Azaroa amaierara arte bideratu ahalko dira eskabideak ikaskoli.eus atariaren bidez. Aipatu moduan, bi helburu nagusi ditu elkartasun ekimenak; batetik Zuberoako ikastolak laguntzea eta bestetik, "Zuberoako ekoizpenak ezagutaraztea eta dastaraztea". Egitasmoaren sustatzaileek gogorarazi dutenez, "Zuberoan Ikastolak garatzen eta indartzen jarraitzeko Euskal Herri osoko elkartasuna ezinbestekoa zaigu". Hortik luzatzen diguten gonbita. "Euskara susta dezagun, Zuberoako Ikastolak lagunduz!".

Marka guztiak hautsita
Iazko elkartasun kanpainak marka guztiak hautsi zituen. Orohar, udalerri honetatik kanpo aurreko edizioetan baino laguntza gutxiago bildu arren, Usurbilen inoizko arrakasta handiena izan zuen Xiberoko produktuen otarren salmenta kanpainak. Guztira 114 Ahüzki eta 245 Irati otarre eskatu ziren Usurbilen. Guztira 16.000 euro inguru bildu ziren! Nafartarrak taldetik eskerrak luzatu zizkieten kanpaina honetan parte hartu zuten guztiei.



Saskiak


Ahüzki
Prezioa: 40 euro.
Produktuak: xerriki patea (190 g), ahate gibel berrosatua (125 g), eztia (500 g), bixkotx poltsa artisanala (150 g), ardi gazna (550 g).



Irati
Prezioa: 55 euro.
Produktuak: xerriki patea (190 g), ahate gibel berrosatua (125 g), axoa: xahalki xehatua saltsan (640 g), “Ezti Olha” eztia (edo hau faltatzen balitz, “Bortüko” eztia-500 g), bixkotx poltsa artisanala (150 g), ardi gazna (550 g).



Orhi
Prezioa: 70 euro.
Produktuak: ahate gibela (200 g), bixkotx gatzatuak (80 g), lukainka idorra, azafrai erreximenta (edo hau faltako balitz, “Bortüko” eztia-250 ml), gazna (1 kg).

Informazio gehiagorako: ikaskoli.eus