"Psikologia positiboa eguneroko bizitzan" ikastaroa aurkeztuko dute gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 9a, 08:29

Gure Pakea elkarteak antolaturiko ikastaroa astearte honetan aurkeztuko dute Artzabalen.

Ikastaro hau antolatu du Gure Pakea Elkarteak. Astearte honetan, azaroaren 9an, 17:30etan ekimen honi buruzko informazio hitzaldia eskainiko du Maria Eugenia Arregi psikologoak Artzabalen. "Ikastaroaren helburua gure eguneroko bizitza modu errazean bideratzen ikastea da (kontzeptu teoriko-praktikoak), arnasa hobeto hartzea eta erlaxatzea, sendotasun fisiko eta moral handiagoa izateko". Ikastaroa, "bizimodu orekatua nahi duten pertsona guztiei zuzendua egongo da". Saioak astean behin eta ordubetekoak izango dira. 


KzGunea
Goizez ari dira zabaltzen urrian; 9:00-13:00 artean. Azaroaren 2tik aurrera (hilaren 1a jai eguna izango baita), arratsaldez irekiko dute KzGunea, 16:00-20:00 artean. Hemen iragarri dituzten ikastaroak:
-Azaroak 29: 16:00-18:00 "Instagram. Partekatu zure argazki eta bideo onenak".
-Azaroak 29: 18:00-20:00 "BakQ ziurtagiria".
Informazio gehiagorako: 
Kale Nagusia, 37
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net

Santueneara datozenak
Auzo elkarteak ere hainbat trebakuntza saio iragarri ditu. Batetik, sendabelarren ezagutzari buruzko tailerra Leire Lazkanorekin, azaroaren 5ean eta 12an, 17:30-19:30 artean, Santuenea 12an, auzo elkartearen egoitzan. Bi saioen prezioak 10 eurokoak izango dira. Izen emateko deitu telefono zenbakiotako batera: 670 027 731/615 715 991. Bestetik, gabonetako gozogintza tailerra antolatu dute azaroaren 19 eta 26rako, 17:00-19:00 artean, Santuenea 12ko auzo elkartearen egoitzan. Bide batez, gogoan izan, azaroaren 13an, musikaz giroturiko trebetasun jolasak eskubaloi zelaira aterako dituzte azaroaren 13an, 16:00-19:30 artean. Eta musika ere kalera aterako dute Dj Mendiren eskutik.

Txalaparta eskola
Usurbilen Txalaparta Eskola izango du berriz, hilabete honetatik aurrera. Udalerri hau musika instrumentu bat baino askoz gehiago, herri honen ikur denaren ezagutza, trebakuntza eta erabilera bultzatzeko egitasmoa lantzen ari da Jexux Artze Kultur Elkartea Zumarte Musika Eskolarekin eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean. 

Herritar orori zabalik izango da eskola; ez da derrigorrezkoa izango, aldez aurreko ezagutzarik izatea. Sergio Lamuedra izango da irakaslea. Saioak Zumarte Musika Eskolan eskainiko dira. Herrian eragin nahi duen eskola gisa sortu dute. Txalapartari eskainitako garai batean zegoen bilgunea berreskuratu nahi dute. Momentuz, txalaparta ikastaroak iragarri dituzte azarotik aurrera. Izena eman edo informazio gehiago jasotzeko aukera zabaldu dute egitasmo honen sustatzaileek. Komunikazio bideok zabaldu dituzte: txalapartairakasle@gmail.com / 695 716 878. Azaroan hasi asmo dituzte saioak.