UDAL AURREKONTUAK

2022ko udal aurrekontuen harira, EAJ-PNVk hainbat proposamen luzatu ditu

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 10a, 09:48

2022ko udal aurrekontua bideratzeko garaia da. EH Bilduk gidatzen duen udal gobernua egun hauetan ari da auzoz auzo bere proposamenaren berri ematen. EAJ-PNV alderdiak ondoko egitasmoak luzatu zituen azaroaren hasieran egin zen Ogasun Batzordean.

Bizikidetza plana martxan jartzea

Kultura politiko demokratikoa, bizikidetza eta giza eskubideen arloa garatzeko eskaera egin du EAJ-k. “Iraganean gertatutakoaren inguruan hausnarketa egin, etorkizuneko kultura demokratikoan sakonduz gure herriko bizikidetzan eragiteko”. Proposamena 2020ko udal aurrekontuen eztabaidan onartua izan zen, baina Covid-19ak hankaz gora jarri zuen udal aurrekontua eta  plan hau ez zen aurrera eraman.

 

Usurbil-Zubieta bidegorria

Ugaldea industrialdearen atzetik trazadura seguru bat egitea proposatu du EAJ-PNV-k. Herri sarreran aurreikusitako biribilgunearekin lotura bat izan beharko lukeela dio. Lasarte-Txikierdi bizikleta eta oinezko bidearen proiektuarekin ere lotu beharko litzateke. “Partida hau 2020ko aurrekontuetan onartu izan zen baina ez da aurrera eraman”.

 

Etxealdia-Santuenea lotuko dituen zubia eraikitzea

Etxealdiako zubia luzatzea proposatzen du, “trenbidea saihestu eta Santueneara doan zubiraino bidegorri batekin lotuz”. Euskal Trenbide Sarearekin elkarlanean beti ere. “Proiektua idazteko partida bat jasotzea beharrezkoa deritzogu”, dio alderdi jeltzaleak.

 

Txokoalde auzoko sarbidea hobetzea

Usurbilgo alderdi jeltzalearen esanetan, Usurbilgo puntu beltzetako bat da hauxe. “Premiazko betebeharra da Txokoalde eta N-634 errepidea lotzen dituen bidegurutzea behar bezala konpontzea”. Halaber, autobus geltokira iristeko segurtasun neurriak ezarri eta  Aginaga auzoarekiko lotura hobetu beharko litzateke. “Zalantzarik gabe, N-634 errepidea Foru Aldundiaren eskumena da, baina presazko errekerimendua helaraztea Udalaren lana da”, eta baita “Foru Aldundiarekin elkarlanean udalerri barruko era guztietako barne komunikazioari dagokion lanketa behar bezala koordinatzea eta burutzea”.

 

Santuenea eta Zubieta arteko bidea egokitzea

EAJrentzat, udalerri barruko funtsezko lotura da. “Bide honen ezaugarri partikularrak kontuan hartuta, egokitze lanak eskatzen ditu. Esate baterako, trafikoa eta pasaeran dauden baserriak bateragarri egin beharko lirateke egoiliarrei etxeko atarian segurtasuna bermatu ahal izateko”.

 

Landa eremua sustatzeko lau neurri

-Mantenu lanen maiztasuna handitu (bide bazterrak txukundu, ubideak garbitu...).

-Baserri bideak egokitzeko plan bat landu, “bide batzuk oso egoera kaxkarrean eta arriskutsuan daudelako”.

-Edukiontzi egokiak jarri.

-Herri azoka antolatu, tokiko produktuei irteera ematen laguntzeko.

 

Eskailera mekanikoa Etxealdian

Etxealdia kaxkotik gertu dagoen auzoa izanik, “gaur egun N-634 eta kale Nagusiaren arteko uharte bat da”. Egoera iraultzeko, eskailera mekaniko bat eraikitzea proposatu du.

 

Eserleku egokiak parkeetan

Azken boladan herriko parke eta pasealekuetan eserleku berriak jarri dira “egungo estetika modernoarekin. Eserleku hauetako batzuk ordea, ez diote adineko pertsonek edota mugikortasun arazoak dituzten beharrei erantzuten”. Horregatik, “eserleku egokiak izatea lehenetsi behar dela uste dugu, bai esertzeko unean eta bai altxatzerakoan”.

 

Lur azpiko aparkaleku bat Askatasuna plazan

EAJ-ren esanetan, aparkaleku falta oso nabarmena da kaxkoan. “Horrek izugarri zailtzen du saltokietara, jatetxeetara, elizara... joatea”. Honen aurrean, lurpeko aparkaleku bat eraikitzea proposatu du EAJ-k. “Aparkaleku honek Askatasuna plaza eta Zubiaurrenea kaleko bidearen zati bat hartuko lituzke”.

 

Padel pista bat

“Padela oso azalera txikia behar duen kirola da, gainera nahikoa sinpleak dira; beraz, kostu txikiko azpiegitura litzateke”. Horrelako pista bat eraikitzea proposatu du EAJ-k. Udarregi eta Kiroldegiaren inguruan, edo anbulategiko aparkaleku ondoko zelaian.