Ruper Ordorikak Sutegin eskainiko du bira berriko lehen kontzertua

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 17a, 07:06

Ruper Ordorika albiste izan da egunotan, lan berria plazaratu duelako. Kuban girotutako abestiak batu ditu Amour eta toujour (Elkar) izenburua daraman diskoan.  Bira berriko lehen emanaldia Usurbilen eskainiko du. Ostiral honetan, gaueko 22:00etan, Sutegiko auditorioan.

Ruper Ordorika euskal kantagintzak eman duen bakarlaririk nabarmenetakoa da. “80ko hamarkadan Pott literatur taldean aritu zen, eta musika arloan herri kantaren tradizioa eta rock egilearen nortasuna batu ditu, bere erara”, badok.eus atarian jasoa dagoen moduan.

Bakarlari gisa ibilbide oparoa osatu du. Hiru Truku taldeko kide ere izan zen hainbat urtez. Joseba Tapia trikitilariarekin eta Bixente Martinez (Izukaitz, Oskorri) gitarrajolearekin batera, herri kantutegia berritzeko ahalegina egin zuen.

Ruperrek Amour eta tojour (Elkar) birako lehen saioa ostiral honetan eskainiko du Usurbilen. Ez da antzekoa egiten duen lehen aldia. 2016. urtean, Guria ostatua (Elkar) diskoa plazaratu zuen eta Usurbilen eman zuen estreinako kontzertua.