Errigoraren 77 saski banatuko ditugu Usurbilen, 15.500 Euskal Herrian

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 17a, 08:48

Kanpaina ezin arrakastatsuagoa osatu du Errigorak udazken parte honetan. "Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" egitasmoaren bidez, 15.500 saski banatuko dituzte. 235.000 euroko laguntza bildu da Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Usurbilen 77 saski eskatu dituzte herritarrek.

Pozarren agertu dira Errigora egitasmoaren sustatzaileak. Ez da gutxiagorako. 15.500 saski banatuko ditu Euskal Herri osoan eta 235.000 euroko laguntza batu dute haiek dioten moduan, "ager vasconumeko euskalgintzara". Laguntza kanpaina honen bultzatzaileen esanetan, "iazkoaren ostean, inoiz banatu dugun saski kopuru handiena da hori. Horregatik gaude pozez zoratzen". Bai haiek, baita, AEK, ikastolak, Sortzen elkartea eta Agerraldia egitasmoa ere. Izan ere, "Nafarroa hegoalde eta erdialdean euskarari hauspoa emateko herritik sorturiko egitasmoak laguntzera" bideratuko baitute jasotako dirua.

"Ekarpen honi esker, zonaldeko ikastolek eta AEK-k, bizirauteaz gain, bestela posible ez liratekeen aurrerapausuak ematen jarraitu ahal izanen dute eta Sortzenek sare publikoan D eredua indartzeko lanean jarraitzeko baliabideak izango ditu. Eta herritarrak euskalduntzeko ezinbesteko lan horrez gain, Agerraldiak ekintza-agenda handiagoa egiteko aukera izanen du 2022an". Agenda horren helburua hain zuzen, "bizitzaren esparru guztietan euskarak espazio berriak irabaztea eta hamarkadetako hizkuntza politikoaren ajeei aurre egiten saiatzea da, euskararen aldeko jarrerak sustatuz".

"Zorionak bihotz-bihotzez"
Urte hauetan guztietan jada, 1.600.000 eurotik gorako ekarpena egin diote herritarrek Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari. "Bere apaltasunean, emaitza ikaragarria da inongo baliabiderik gabe jaio zen herri-ekimen batentzat. Ondo daki hori herrigintzan aritzen den orok".

Horregatik, "ezer baino lehen, zorionak bihotz-bihotzez kanpaina hau posible egin dugun guztioi: ekoizleak, euskalgintzako eragileak, herriz herri lanean aritu diren Errigoraren boluntarioak eta saskia eskatu duten herritarrak. Bejondeizuela!". Udazken parteko "Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" kanpainak zortzi edizioren ostean, "indar biziz dirau". Iazko inoizko babes handiena jaso zuen edizioaren ostean etorri da aurtengoa. "Salbuespenezko egoera batean geundela, pandemiak euskalgintzari emandako zartakoari erantzuteko elkartasun uholdea galdegin genuen eta inoizko atxikimendu handiena izan zuen kanpainak". 

Sustatzaileen esanetan, "nekeza izanagatik, langintza ederra dugu, harrotasunez betetzen baikaitu herrilan-ariketa erraldoi honek. Hain zuzen, Errigoraren ibilbidea herriak herriari egindako ekarpenaren ibilbidea da. Txikitik handira apustu egin dugu eta nork bere ahal eta gogoaren arabere egindako ekarpen askotarikoak batzeko gai izan gara. Herritarrak kontsumitzaile edo erabiltzaile huts bihurtu diren garaiotan, auzolanarena balioa eta baliagarritasuna frogatu dugu. Aurtengo kanpainaren leloak dioen bezala, herriak egiten du herria".

Baina erakundeen arduraz ahaztu gabe. "Euskara nafar guztiona da eta, beraz, Nafarroako erakundeek bere gain hartu beharko lukete euskararekiko dagokien erantzukizuna. Horregatik, dei egiten diegu herritarren ondora etorri eta behar beste baliabide jar dezaten hamarkadetako hizkuntza politikari buelta emateko, berandu baino lehen, ager vasconum berriz ere lurralde euskaldun izan dadin".

Eskatutako kaxak laster
Hilabete amaieran helduko dira eskatu dituzuen Errigoraren kaxak. Heldu ahala zuekin hartuemanetan jarriko gara.