Koronabirusa

Udal ekipamenduetako edukiera %60ra murriztua gutxienez bi astez

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 19a, 10:16

Prebentzioz hartu du erabakia Usurbilgo Udalak, azken egunotan covid19ari lotutako kasu berriak ugaritu diren honetan.

Udal ekipamenduetako edukiera %60ra murriztea erabaki du Usurbilgo Udalak, ohar bidez jakinarazi berri duenez. Erabakia covid19ari lotutako kasu berrien gorakadaren harira hartu du. Astearte eta asteazkenean guztira 18 kasu berri detektatu zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak udalerri honetan. Osasun Sailak Udalari baieztatu ahal izan dio, "datuen gorakada brote edo agerraldi bati lotua dela". Zehazkiago, iragan larunbatean, azaroaren 13an jatetxe batean izandako bazkarian du jatorria "eta han bazkaritan izan zirenei deitzen ari dira orain, probak egin eta transmisio katea ahalik eta azkarren eten dadin".

Inoiz egun bakar batean, Osasun Sailak zenbatutako kasu kopuru altuena erregistratu zen asteazkenean Usurbilen, 14 kasu guztira, beste 4 bezperan, 18 orotara. Udalak ohartarazi duenez, "itxura guztien arabera, zenbait egunetan goranzko joeran jarrai dezakete kutsatzeek, eta, beraz, prebentzioz jokatzea erabaki du udalak".

Prebentzio neurri moduan, udal ekipamenduetako edukiera %60ra murriztea erabaki du, "jende kopuru gehien aurreikusten den azpiegitura publiko itxietako ekitaldietan: batik bat, Sutegiko auditoriumean, Oiardoko eskubaloi pistan (partiduak tarteko) eta Potxoeneako Urdintxon zein sotoan". Hori barrualdeko ekitaldiei dagokienean. Kanpoan egin asmo direnei begira, "udalak segurtasun neurriak indartzera deitu ditu eragileak: maskararen erabilera bultzatzera, jendearen joan-etorria eta edukiera kontrolatzera, eta jan-edanik balego, aparteko gune batean ezartzera, Eusko Jaurlaritzak atzo ezarritako irizpideei jarraituz".

Testuinguru honetan, datozen asteotarako iragarriak dauden ekitaldiei dagokienez, "Udala, bere aldetik, eragileekin elkarlanean ari da hurrengo hamabost egunetarako antolatuta dauden ekitaldiak neurri berrietara nola egokitu aztertzeko. Horrez gain, talde guztien aldetik jasotzen ari den erantzuna eskertu du udalak, prestasun eta borondate erabatekoa erakutsi baitute eragileek".

Hala egongo gara momentuz datozen 15 egunetan. "Epe hori amaitzean, momentuko egoeraren arabera erabakiko dute neurri horrekin jarraitu edo ez", iragarri du Udalak.