Euskaraldia

"Hitzez ekiteko garaia" aldarripean iragarri dute 2022rako 3. Euskaraldia

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 22a, 08:42

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra luzatuko da Euskaraldiaren hirugarren edizioa.

"Ohiturak aldatzeko hitza, inguruan eragiteko ekintza. Berriz kalera ateratzeko garaia". Mezu honen bueltan, "hitzez ekiteko garaia" aldarripean iragarri dute sustatzaileek bidean datorrela Euskaraldiaren edizio berria. Hirugarrena, urtebete barru ospatuko dena. Finkatu dute epea: 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Albiste honi atxikitako bideoan duzue asteburuan kaleratu duten iragarkia.

Antolatzaileen esanetan, "2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekingo diogu ariketari. Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izan dadin. Belarriprestok eta Ahobiziok aukera berriak izan ditzagun lan egingo dugu elkarrekin, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune. Hitzez ekiteko garaia heldu da". Bereziki, etxeratu gaituen pandemia tarteko, kalea berreskuratzea beharrezkotzat jotzen dute euskararentzat eta euskaldunentzat.

Euskaraldia.eus atariak iragarri moduan, 360 egun baino ez dira falta euskara ahotan hartzeko ariketa kolektiboari hasiera emateko.

Urtebete baita prestaketa lanetarako. Euskaraldiko antolatzaileek iragarri dutenez, tokian tokiko herri batzordeek dinamizatuko dute ekimena herriz herri. Horrekin batera, aurreko bigarren edizioan, Euskaraldiaren ariketa kolektiboa, norbanako Ahobizi eta Belarriprestez haratago, ariguneen bidez denetariko entitateetara zabaltzeko ahaleginari jarraipena emango zaio. Xehetasun gehiago hurrengo hilabeteotan emango dituztela aurreratu dute.