Alex Tellok idatzi du ‘Sua’, Su Ta Garren inguruko komikia

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 24a, 08:37

Su Ta Gar taldeak ‘Sua’ izeneko komiki liburua plazaratu berri du. Proiektua gidatzeaz gain, Alex Tellok berak idatzi du gidoia eta Julen Ribas marrazkilariak hezurmamitu du istorioa.

Abiapuntua ezohikoa da. Su Ta Garren kanten pasarte batzuk bata bestearen atzetik lotuz osatua izan delako fikziozko istorioa. Julen Ribasek, bere marrazkien bitartez, Sua izeneko protagonista gorpuztu du.

Su Ta Garren web orrialdean irakurri dugunez, “taldeak bere ibilbidean zehar transmititu dituen kanpo eta barne borrokak, Suak beregain hartuko ditu, fikzioa, fantasia eta errealitatea uztartzen diren istorio honetan”.

Taldeak diskoen bitartez azken 30 urteko testigantzaren berri eman duen bezalaxe, “Sua izeneko protagonistak ere gure historiako azken 30 urteak gogoraraziko dizkigu. Horrela, Euskal Herriko kontestu soziopolitikoa erakusteaz gain, bizitzaren borrokak gizaki orori nola eragiten digun azalduko digu”.

Une eta pasarte ezaguterrazak eta identifikagarriak topatuko ditugu komiki liburuan. Dagoeneko eskuragarri dago.