"Udazkena liburutegian"

Gaurko Marsel magoaren emanaldia abenduaren 16ra atzeratua

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 24a, 08:30

Covid19aren hedapena tarteko, "Udazkena Liburutegian" zikloaren baitan gaurko iragarria zuen hitzordua atzeratzea erabaki du Usurbilgo Udalak. Antolakuntzak zehaztu berri du noiz izango den; abenduaren 16an.

Sutegi udal liburutegitik jakinarazi dutenez, asteotan ospatzen ari diren "Udazkena Liburutegian" zikloaren baitan eskaintzekoak ziren "MagiaZ: Magia eta Zientzia uztartuz, Marsel margoarekin" asteazken honetako azaroaren 24ko emanaldia atzeratzea erabaki dute. Data berria ere zehaztu dute; abenduaren 16an izango da emanaldia, arratsaldeko 18:00etan Sutegiko auditorioan. Ekitaldira joateko izena usurbilkultura.eus plataforma bidez eman ahalko da aurrez. 6 urtetik beherako haurrek heldu batek lagunduta joan beharko dute.

Zumartekoen kontzertua ez, kalejira bai
Santa Zezili egunaren harira urtero moduan kontzertua eta kalejira iragarria zuen Zumarte Musika Eskolak aurtengorako ere. Baina ez ohi bezala biak egun berean, kalejira azaroaren 25erako eta Sutegiko kontzertua iragan astearterako. Kontzertua bertan behera utzi zuten. Covid19-ak azken egunotan Usurbilen izandako eraginak bultzatu zituen erabaki hau hartzera: intzidentzia tasaren gorakadak, ikasle konfinatuek, baldintza berriek... 

Ostegunerako iragarria duten kalejirari bai, eustea erabaki dute momentuz. Azaroaren 25ean 18:30etan abiatuko da Zumarte Musika Eskola paretik. Trikitixa-pandero taldeak, Musika Txokoko eta abesbatzako ikasleek eta Txarangak parte hartuko dute.

Gazte Eguna atzeratua, mobilizatzeko deia
Usurbilgo Udalak prebentzio neurriak zorrozte aldera hartutako erabakiaren haritik, Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak sare sozialen bidez zabaldutako bideoan, asteburu honetarako iragarria zuten Gazte Eguna atzeratzea erabaki zutela berri eman zuen. Bideo bidez jakinarazi dutenez, "asteburu honen helburua gazteak bildu eta borrokan jarraitzeko ilusioa berpiztea zen". Aldiz, "osasun egoera okerrera doala ikusita asteburua atzeratzea erabaki dugu". Gazte Egunik beraz ez da ospatuko azaroko azken asteburuan. Baina Aztarrikatik ohartarazi dutenez, "gazteen egoera kezkagarria salatzeko mobilizazioak deituko ditugu eta parte hartzera animatzen zaituztegu". Egunotan zehaztekoak dira deialdia.

Gainerakoan aldaketarik ez
Momentuz, aste honetarako iragarriak dauden gainerako ekitaldiak bere horretan egingo dira. Ostegunean Sutegin 18:30etan "Energia komunitateak" hizpide izango dituen Nafarkoopeko Bulego Teknikoko Ingeniari eta herritar Alazne Arruti Bengoetxearen hitzaldia antolatu du Anerreka Ingurumen Elkarteak. 

Hilero moduan, Sareren mobilizazioa izango da azaroaren 26an 20:00etan Mikel Laboa plazan. Asteburura begira; larunbatean 10:00etan Potxoenean, Usurbilgo kulturgileen elkargunea eraikitzeko prozesua abiarazteko hitzordua finkatua dago. Arratsalde parterako, 18:00-20:00 artean musika Santuenean Dj Mendiren eskutik. Gaueko 22:00etan Kultur Gala antolatu du Antxomolantxa Elkarteak Aginagako Eliza Zaharrean. Eta biharamunean, azaroaren 28an, bigarren urtez jarraian Erle Egunik izango ez dugun iganderako Hurbilago Elkartearen Udazkeneko Azoka.