Igandeko Udazkeneko Azoka, aterpean

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 26a, 08:25

Covid19 kasuen gorakada nahiz iragarria dagoen euria tarteko, Hurbilago Elkarteak egokitu egin du igande honetarako, azaroaren 28rako antolatua duen Udazkeneko Azoka. Ez du gaztetxoen jolasgunerik izango, postuak soilik frontoian.

Osasun krisialdiak eta eguraldiak baldintzaturiko egunak bizitzen ari gara. Bi faktoreok tarteko, hainbat herri eragileek egunotarako iragarriak zituzten hitzorduak egokitzen edo atzeratzen ari dira. Hurbilago Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkartetik ohartarazi dutenez, igande honetarako, azaroaren 28rako iragarria zuten Udazkeneko Azokan zenbait aldaketa egin eta egunotako testuingurura egokitu behar izan dute.

Batetik, dakizuenez, azokak bi eremu izatea aurreikusten zuten; herriko merkatarien eta sortzaileen nahiz herritik kanpotik hona etorri asmo duten artisauena. Postu guztiok Dema plazan kokatu nahi zituzten. Frontoian aldiz, puzgarri eta bestelako jolasekin gaztetxoenentzako eremua.

Azoka frontoian
Azken egunotan gaztetxoenen artean izaten ari diren covid19 kasuak edota konfinamenduak eta gaurtik hasita asteburu osorako iragarria dagoen giro euritsua tarteko, Hurbilagok gaztetxeoi zuzendutako jolas gunea bertan behera utzi eta aurrerago antolatzea erabaki dute. Dakizuenez gune honetarako sarrera doan eskura zitekeen, egunotan Hurbilago Elkartearen saltokietan erosketak egin eta puntuak pilatzen joanez gero. Hala egin dutenei puntuok gordetzea eskatzen diete antolatzaileek, aurrerago jolasgune hau antolatzen denerako baliatu ahalko dira eta. 

Frontoia jolas gunerik gabe hutsik geratuko denez, herriko merkatari eta sortzaileen nahiz herritik kanpotik datozen artisauen postuak Dema plazan kokatu ordez, frontoira lekuz aldatzea erabaki du Hurbilago Elkarteak. Euria iragarria dagoenez, babesean ospatuko da beraz azoka. Postuen artean, herri ordezkaritza batekin topo egingo duzue; Marije arropa dendak eta Lizardi liburu dendak bere eskaintza dendatik frontoira aterako dute. Saizar sagardotegiak txotxetik sagardoa dastatzeko aukera eskainiko du. Iragarria zegoen arren, Otar Goxo janari dendak azkenean ez du azokan parte hartzerik izango.

Haiekin herriko hiru sortzaileek parte hartuko dute postuokin; Ione Iruretagoienak diseinatutako arropa erakutsiko du, urte amaierara arte Itziarko Burugorri ostatuan “kolore seriea” izeneko erakusketa kokatu duen Zorione Mendez bere “Marrak” proiektuarekin dator eta Buztinzulo elkartekoen zeramika postua ere bisitatu ahalko da. Gaztetxoen eremuan eskaintzekoak ziren tailerrari eutsi eta frontoian bertan eskainiko dute azkenean. Gogoan izan, hilaren 28an herriko merkatarien postuetan 20 eurotik gorako erosketaren bat eginez gero, Hurbilago Elkarteko establezimenduetan xahutzeko 5 euroko bonoa eskuratuko du. 

Hurbilagoren azoka
Eguna: azaroak 28, igandea.
Ordua: azoka 11:00-14:30 artean.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Informazio gehiagorako: gertuago.eus
Antolatzailea: Hurbilago elkartea.