Udalbatzarra

Interes Publiko Goreneko Proiektuen erregulazio berriaren aurka

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 26a, 13:57

Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari diren Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektuaren baitan sustatu nahi duten "Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura" jasotzearen aurka agertu da udalbatza, ostegun honetako osoko bilkuran. Gai honi lotutako mozioa onartu du gehiengo osoz. Figura horrek "toki-demokrazia" urratzen duela salatzen du testuak.

"Usurbilgo Udalaren Osoko Bilkurak adierazten du Lurralde Antolamenduari buruzko Legeak Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura jasotzearen aurka dagoela, eta baita ere, gure udalen toki-autonomiarentzat kaltegarria den eta gure toki-demokrazia urratzen duen beste edozein tresnaren aurka dagoela". Egoera honetan, EUDEL-i udalen udal-interesa defendatzea eskatzen dio. Hala dio osteguneko osoko bilkuran udalbatzak gehiengo osoz (EHBildu alde, EAJ eta PSE aurka) onartu duen mozioak.

Testuak berak argitzen du gai honen testuingurua. "Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektua izapidetzen ari da Eusko Legebiltzarrean", laster onartzeko moduan egon daitezke. Lege horren baitan, "Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura sortzea" aurreikusten du Jaurlaritzak. Mozioak dioenez, "aldaketa horren bidez, Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio ustezko ingurumen-hobekuntza izan dezakeen edozein azpiegitura Interes Publiko Goreneko Proiektu izendatzeko, baldin eta sustapen publikoa badago, hala nola, energia berriztagarriak sortzeko proiektuak, zabortegiak, araztegiak, erauzketa-proiektuak... Gainera, ez zaie aterik ixten beste proiektu mota batzuei, hala nola ekipamendu handiei edo bestelakoei, baldin eta ingurumenaren aldetik nolabaiteko justifikazioa badute (eremu degradatu batean planteatutako ia edozein proiektu, esaterako, antzinako hondakindegi batean golf-zelai bat...)".

Tresna horren aurka agertu da EHBildu. Alde aldiz EAJ eta PSE. EAJ-k bere eraginkortasun eta gardentasuna defendatu zuen osteguneko udalbatzarrean. Trantsizio energetikoa egikaritzeko programak sustatzen dituela. 

EHBildutik "tokiko demokrazia" urratu eta aipaturiko Interes Publiko Goreneko Proiektuen figurak inposaketaren bidea zabaltzen duela zioten. "Lurralde antolaketaren irizpideak eta udalerriok legez dugun eskuduntza hankaz gora jartzen du", udal gobernu taldearen esanetan. Adibide bezala jarri zuen udal gobernu taldeak, herritarrekin landutako etorkizuneko Usurbil diseinatuko duen Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO). "Ez du legitimitaterik Jaurlaritzarentzat". 

PSE-tik Patxi Suarez zinegotziak zioenez "ez du autonomiarik kentzen". Bere esanetan "interes gorena" EAE-ko herritarrak ordezkatzen dituen Eusko Legebiltzarrean dago. Udal gobernu taldetik erantzun ziotenez, udal politikak Legebiltzarrean erabaki behar badira, "gu akaso soberan gaude". 

INTERES PUBLIKO GORENEKO PROIEKTUEN ERREGULAZIO BERRIARI BURUZKO MOZIOA

Gaur egun, Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektua izapidetzen ari da Eusko Legebiltzarrean, eta zuzenketak aurkeztu ondoren, Legebiltzarreko prozeduraren fase aurreratuan dago, epe laburrean onartu dadin.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege-proiektuari aurkeztutako zuzenketarekiko baten xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legea aldatu eta figura berri bat arautzea, hau da, PIPS edo Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura sortzea.

Aldaketa horren bidez, Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio ustezko ingurumen-hobekuntza izan dezakeen edozein azpiegitura Interes Publiko Goreneko Proiektu izendatzeko, baldin eta sustapen publikoa badago, hala nola, energia berriztagarriak sortzeko proiektuak, zabortegiak, araztegiak, erauzketa-proiektuak... Gainera, ez zaie aterik ixten beste proiektu mota batzuei, hala nola ekipamendu handiei edo bestelakoei, baldin eta ingurumenaren aldetik nolabaiteko justifikazioa badute (eremu degradatu batean planteatutako ia edozein proiektu, esaterako, antzinako hondakindegi batean golf-zelai bat...).

IPGP izendapen horrek lurralde-antolamenduko eta hirigintza-plangintzako tresna guztiak azpiegitura berrira egokitu beharra ekarriko du, hau da, IPGPak, herritarren parte-hartzearekin eginiko udalen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrei inposatu egingo zaizkie, balizko interes orokorreko proiektu horiek toki-eremuko administrazio publikoen irizpidearen aurkakoak izan arren; zentzu horretan IPGPak HAPOa baliogabetu egingo du. Are gehiago, Lurralde Antolamenduaren Legearen aldaketa honek toki-erakundeen prebentzio-kontrolerako ahala ere baliogabetzen du.

"IPGP" figura, beraz, lurralde- eta hirigintza-plangintzaren inguruan ezarritako adostasunaren aurkako eraso bat da. Toki-eremuko autonomia eta demokrazia nabarmen urratzea, udalari ez baitzaio aukerarik ematen bere lurraldearen barruan desegokitzat jotzen dituen erabilerak mugatzeko.

Kezka handiz ikusten dugu Ingurumen Administrazioaren Legea laster baldintza horietan onartu ahal izatea. Hori dela eta, Usurbilgo Udaleko Euskal Herria Bildu Udal Taldeak honako mozio hau aurkeztu du Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onartzeko:
1-Usurbilgo Udalaren Osoko Bilkurak adierazten du Lurralde Antolamenduari buruzko Legeak Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura jasotzearen aurka dagoela, eta baita ere, gure udalen toki-autonomiarentzat kaltegarria den eta gure toki-demokrazia urratzen duen beste edozein tresnaren aurka dagoela.
2-Usurbilgo Udaleko Osoko Bilkurak EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteari eskatzen dio, udalen udal-interesa defendatzeko, jendaurrean adieraz dezala aurka dagoela eta dagozkion kudeaketa guztiak egin ditzala Lurralde Antolamenduari buruzko Legea aurreko puntuan deskribatutako moduan alda ez dadin.
3-Usurbilgo Udalaren Osoko Bilkurak mozio honen edukia Eusko Legebiltzarrera eta EUDEL Euskal Udalen Elkartera bidaltzea erabaki du.