Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 26a, 09:47

Euskal presoen eskubideen alde Sarek deitutako hileroko azken ostiraletako mobilizazioa gaur, azaroa 26, 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Sarek deituta, oraindik orain oinarrizko eskubideak urratzen segitzen direla gogorarazi zuen beste behin duela hilabeteko mobilizazioan. "Igarotzen den egun bakoitzeko 24 orduz gehiago urratzen dira eskubideak". 197 preso ditu Euskal Herriak, "ezin da datu hotz bat izan titular batentzat, izen eta abizenak dituzten beste hainbeste pertsona, bakoitzak bere familia- eta gizarte-ingurunearekin, guztiak ere eskubideak dituztenak, kondena luzeak bete dituzte, isolamendu eta muturreko murrizketekin. Horietako askok aske egon behar lukete lege arrunta aplikatuko balitzaie".

Eta ezinbestekotzat jotzen du Sarek indarrean den legedia betetzea, "konponbidean, bizikidetzan eta bakean" aurrera egiteko. Azken asteotako hainbat gertakari ekarri zituen gogora hileroko mobilizazioan; une erreferentzialtzat jotzen duten Aieteko adierazpenaren 10. urtemuga, "mahai gainean eztabaida lasai baten beharra jartzeko", balio izan duena. Halere, "berriz ere gaizki tratatuak sentitu izan garen egunak izan dira, sufrimendu guztiak onartu beharrean, sakabanaketak ekarri duenaren salaketa berriro kriminalizatu delako". Nafarroako Gobernuko Bizikidetza Planari egindako ekarpena ekarri zuten gogora.

"Une erabakigarria"
Oraindik presoei aplikatzen zaien salbuespenezko legedia salatzen dute. "Salbuespenari eusteak, adibidez, Unai Fanori hirugarren gradua baliogabetzea eragiten dio, kalean hamar hilabete eman ondoren, bere familiarekin, ezarritako baldintza guztiak errespetatuz eta bere bizitza aske berregiten saiatuz; edo Mikel Arrieta Martutenen gaixo dagoen presoaren egoeraren blokeoa, 2020an bete zituen zigorraren hiru laurdenak, eta txosten baten zain dago, bere gaixotasuna duintasunez artatu ahal izateko".

Bizi duguna "une erabakigarria da, euskal gizarteak berriro ere adierazi baitu presoen auziak lehen mailako kezka izaten jarraitzen duela". Sarek dio hala adierazi zutela milaka herritarrek urriaren 23an "Ibilian ibilian, etxerako bidean" aldarripean Donostian egin zen manifestazioan. "Gizarte gisa, arduradun sindikal, politiko eta sozialekin batera mobilizatzeko eta kalera irteten jarraitzeko beharrak erantzuna izango du datozen hilabeteetan urtarrilaren 8an Sarek berriro deituko dituen mobilizazioekin".