Bardozeko ikastola berria ezagutzeko aukera izango dugu abenduaren 12an

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 2a, 09:18

Bardozeko ikastola iazko irailean zabaldu zuten. Egitasmoaren berri emateko ekitaldiak antolatu dituzte Usurbilen. Bide batez, gogoratu Zuberoako ikastolen aldeko otarrak salgai jarraitzen dutela oraindik.

Bardoze Lapurdiko ipar ekialdean kokatzen den herri bat da. Orain arte bertako umeak Beskoitzeko Ikastolara joan behar izaten zuten. Pasa den urtean bi familia euskaldunek abiatutako kanpainaren ostean, guraso eta beraz ume gehiago Bardozeko ikastolaren proiektura atxikitzea lortu zen. Seaskaren laguntzarekin aurkeztutako egitasmoak herriko etxearen oniritzia jaso eta gero jarri zen martxan ikastola 2020ko irailean. Horrela Lapurdiko Xarnegu eskualdean ere hasi da ibiltzen lehen ikastola.

 

Kalejira, dantzariek eta musikariek lagunduta

Proiektuarekin aurrera jarraitzeko lanean dihardute. Norabide horretan Usurbil bisitatuko dute abenduaren 12an. Udarregiko ikastolako kideekin elkartu eta Usurbilgo proiektua ezagutzeaz gain, beraiena ere aurkeztu eta hausnarketak elkarbanatzeko. Hau guztia giro alaian egin nahi da, abenduaren 12an Mikel Laboa plazatik abiatuko den kalejira baten bidez. Beraz animatu eta babestu Bardozeko Ikastola. 

 

Abenduak 12 igandea

  • 11:00etan Udarregi Ikastolara bixita.
  • 12:00etan Mikel Laboa plazatik kalejiraren hasiera (Bardozeko txistulariak, gurasoak eta haurrak; eta hauekin batera Usurbilgo dantzari, musikari eta herritarrak).

 

Zuberoaren aldeko otarrak

Hiru otar dituzue aukeran:

  • Ahüzki (40 euro).
  • Irati (55 euro).
  • Orhi (70 euro).

 

Informazio gehiagorako:

  • ikaskoli.eus
  • NOAUAn ere eska daitezke.