Euskararen Eguna

Jai eguna Ikastolan eta udal zerbitzuetan

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 3a, 08:14

Euskararen Egun hau ere jai eguna dugu Usurbilen. Hainbat zerbitzuetan abenduaren 3a gorriz seinalatua dute egutegian.

Ezohiko ostirala Usurbilen; Euskararen Eguna jai eguna dute hainbat guneetan. Udarregi Ikastolako pertsianak jaitsita dituzte abenduaren hirugarren egun honetan. Handik hurbil Oiardo Kiroldegia goizez zabalik bai, baina igande eta jai egunetako ordutegian, 9:00-13:30 artean. Gainerako jendaurreko udal zerbitzuak itxita; bai udal erregistroa, Potxoenea edota Sutegi udal liburutegia. 

Euskararen Eguna tarteko, jai eguna dute guztiek. Aldiz, Espainiako Konstituzioaren urtemugari lotuta ofizialki jai eguna izendatua dagoen abenduaren 6an zabalik izango dira gune guztiok. Ikastolaren kasuan, "klase eguna izango da eta zerbitzu guztiak eskainiko dira. Ohiko ordutegian eta eguneroko dinamikan lan egingo dugu lan egun arrunt bihurtu nahi dugun egun horretan. Beraz, animatzen zaituztegu egun horretan klaseetara etortzera!", luzatu dute gonbita.

Udal zerbitzuak ere aipatu moduan zabalik izango dira datorren astelehenean, ohiko ordutegian eta ohiko martxan.