Euskararen Eguna

Hitanoa ahotan hartzeko patrikarako liburuxka

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 3a, 07:46

"Patrikarako hitanoa" kaleratu eta banatu dute etxez etxe, hitanoaren erabilera sustatzeko lanean dabiltzan herri eragileek. Euskararen Egun honetan ospatuko den "Hikodromorako" ezin aproposagoa.

Euskararekin bezala, hitanoa gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan ahotan hartzeko lagungarria izan daitekeen liburuxka. "Patrikarako hitanoa" kaleratu dute azken aldian martxan den "Hikaratu beldurrik gabe" kanpainaren sustatzaileek; Usurbilgo Udalak, NOAUA! K.E.-k eta Etumeta AEK euskaltegiak, Usurbilgo Euskara Aholku Taldean bilduak dauden gainerako eragile eta norbanakoekin batera. 

Hitanoaren erabilera sustatzen laguntzea du xede, transmisioan etena izan dela ohartarazten baitute egitasmo honen bultzatzaileek. "Euskaraz aritzen diren usurbildarren artean 10etik 3k egiten du hika, eta horien artean soilik %11,1ek noka. Transmisioan etena izan da, eta denok ez dugu molde hori etxean edo lagunartean jaso". 

Liburuxka honen bidez "ondare hori babestu eta suspertzeko ahaleginetan ari gara". Bertan, "Usurbilgo hikaren oinarrizko nondik norakoak jaso ditugu, hika egin nahi duzuenontzat abiapuntu izan daitezen, eta, oro har, adizkera jolasti eta gertuko hau erabiltzeko gonbita herritar guztioi egiteko". 

Aproposa baita, Euskararen Egun honetan, arratsaldeko 18:00etan frontoian antolatu duten "Hikodromoan" baliatzeko.