Euskararen Eguna

Hitanoaren erabilera bultzatzeko asko egin dezakegu

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 3a, 09:49

Hitanoa bizirik mantentzeko zeregina badugu eta egin daitekeena gure esku dago, "Hikastearen" baitan, abenduaren 1ean Potxoenean antolatu zuten "Hitanoa hemen eta orain: adituen hitzak eta arituen ekintzak" hitzaldian argi utzi zuten moduan.

"Pertsona egokiak, toki egokian, momentu egokian, asko egin dezake". Esaldi honen bueltan borobildu zuten Usurbilen abian den "Hikastearen" baitan, Usurbilgo Euskara Aholku Taldeak abenduaren lehenean Potxoenean antolatu zuen "Hitanoa hemen eta orain: adituen hitzak eta arituen ekintzak" hitzaldia. Bistan utzi zutenez asko dugu egiteke, antolakuntzak egunotan plazaratu duen "patrikarako hitanoa" liburuxkak dioen moduan "Usurbilen ondare hori babestu eta suspertzeko".

Baina gai honen inguruko lanketa ere egina dago. "Ikergai emankorra" izan da hitanoarena, hizlari Garbiñe Bereziartuak eta Beñat Muguruzak nabarmendu zutenez. Gaiak interesa piztu izan duela zioten, eta "ugaritu egin dira azterketa soziolinguistikoak". Lan guztion bilduma hitanoaz.eus atarian kontsultatu dezakezue.

Arrakala nabarmena
Tartean bada baita hitanoaren kaleko erabilerari buruzko azterlanik ere. Euskal Herrian bi udalerrietan egin dira tokian tokiko udalen enkarguz; bat Azpeitian, bestea Usurbilen duela bost bat urte. Soziolinguistika Klusterrak bideraturiko lanketari buruzko hainbat datu ekarri zituzten gogora Potxoeneako abenduaren 1eko hitzaldian aipatu bi hizlariek. Kaleko elkarrizketetan oinarritutako neurketan behatutako usurbildarren %73ak euskara ahotan hartzen zuela ondorioztatu zuten Klusterrekoek. Haietatik %28ak baino ez zuen hika egiten, gainerakoek zuka. Baina generoaren aldagaia kontuan izanda, arrakala nabarmena dago. Gizonezkoen %38ak ahotan hartzen zuen artean, emakumeen kasuan erabilera %14raino murrizten zen. Gizonezkoen hitanoaren erabilerak ia emakumezkoena hirukoizten zuen.

Eta pandemia honetan sarriegitan jomugan jarri izan diren gazteak eredu ditugu hitanoaren erabileran. Ahotan gehien hartzen dutenak dira. "Gero adinekoak, gutxiago helduek", Potxoeneko hitzaldian zehaztu zutenez.

Azterlan hartatik beraz, hiru ondorio argi atera daitezke hizlarien esanetan. Gazteak hitanoaren erabileran eredu direla nabarmentzearekin batera, "emakumeek gutxi erabiltzen dute. Eta emakumeei askoz gutxiago egiten zaie hika". Ez herri zehatzetan, "joera bat dela dirudi" generoen artean dagoen arrakala. Eta ez kasualitatez, errealitate hau isla dezaketen arrazoiak badira. "Ospe txarra, prestigio baxua" izan dezakeela hitanoak. "Bere eskasian" gizonezkoen artean bizirik darrai tokak forma horretan, nokaren erabilera askoz apalagoa da ordea. Aipatzekoa baita genero arrakala horren bestelako argudioen artean, espazioa publikoa Potxoeneko hitzaldian gogorarazten zuten moduan tradizionalki gizonezkoena izan dela, sozializatzeko baliatu izan dutena, eta bertan beraz, hitanoa baliatzeko aukera gehiago izan dute, gehiagotan eta gehiagorekin. Noka aldiz eremu pribatura mugatu izan da gehienetan. Gainera "emakumezkoek joera gehiago dute aldaera jasoetara jotzekoa".

Nola egin?
Kultur adierazpideetan hitanoak duen presentziaren isladaren errepasoa egin zuten. Eta bai entzun eta irakurri daiteke bai antzerkigintzan edota literaturan bereziki.

Hitanoa euskarriotan nahiz bizitzako arlo ezberdinetan bizirik mantentzeko ahaleginari dagokionez, Euskal Herriko txoko ezberdinetan badela ondare hau eustearen aldeko mugimendua adierazi zuten hizlariek Potxoenean. Aurrera begira egin zuten galdera nagusietako bat ildo horretan planteatzen zuten. Nola egin? Nola egin, hitanoaren erabilera zabaltzeko, aditzak oker erabiltzen dituenari zuzendu edo ez? Noren artean erabili, tradizionalki egin izan den moduan edo egokia da baita bikote harremanetan, guraso eta haurren artean erabiltzea? Hitanoaren erabilera emakumezkoen artean askoz apalagoa izanik, emakumeen arteko aliantza baliagarri izan daiteke indartzeko? Hausnarketara bideraturiko galdera hauen inguruan solas egiten amaitu zuten Potxoeneko hitzaldia.