Errioa egunotako euri-jasak irentsi ezinik

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 10a, 11:09

Bota eta bota ari du goitik behera azken asteotan eta are gogorrago azken orduotan. Emaitza, begi bistakoa, errioak ezin bide eman hainbesteko ur-emariari eta bere lekua aldarrikatu du beste behin.

Atzotik irentsi ezinik zebilen Oria azken aldian botatako euri-jasak. Eta azkenean urak bere bidea aurkitu du. Horren emaitza azken orduotan dugun panorama. Erriberak urpean utzi ditu, baita erriotik gertuen dauden zenbait etxe atarietan ere sartu da ura, halakoetan ohikoak izaten diren zonaldeetan.

Zubieta eta Txikierdi arteko bidea itxita dago. Aliriko zubitik Zubietarako sarbidea urpean da. Erriberak urpean, Babiloni ere urez inguratua. Handik gertu, Troian etxetik irten ezinik geratu dira zenbait bizilagun, ura etxe barruraino sartu zaie.

Santuenean ere larri, errio ertzean. Atallu inguruko erriberak urpean, Aialde Berri sagardotegira ura sartzen... Txokoalde eta Aginaga inguruetan ere antzeko irudiak. Lasao inguruan gainera zuhaitz bat jausi da goizean eta N-634 errepideko ibilgailuen joan etorria zaildu du.

Urak bizi gaur Usurbil aldean.