Errioa beherantz, uholdeek utzitako arrastoa begi bistan

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 11a, 11:33

Uholdeen biharamuna Oria ertzean. Errioa hazita datorren arren, euri-jasen arrastoak nagusiki ibai bazterretan.

Azken egunotako uholdeen eragina gutxitzen doa. Arrastoak baino ez dira geratzen hainbat lekuetan, nahiz oraindik orain errioko urak hartuak zituen larunbat goiz honetan hainbat erribera. Aipatu moduan ordea, arrastoak dira jada gehienbat begi bistan ikusi ditzakegunak Oria ertzetan. Zubietan goizean goizetik lanean zebiltzan, Txikierdirekin lotzen duen bidea garbitzeko lanetan. Duela 24 ordu, Aliri zubi ondoko Zubietako bide zatia eta lur eremuak urpean ziren. Baita errioz bestalde Babilonia ondoko lur eremuaren zati batzuk uretan. Gaurkoan ez.

Troiako etxebizitza atariak ere garbi, atzo bizilagunak etxetik atera ezinik geratu ostean. Ura etxe atariraino sartu zitzaien. Aldaketa erradikalena Atallun ikusi dugu. Atzo urpean ziren lur gehientsuenetan egunotako uholdeen arrastoa baino ez eta ur putzuak. Beste hainbeste Santuenea aldean ere, errioa noraino heldu zen begi bistakoa zen. Oraindik orain errioak zenbat ur zekarren ikusteko Txokoaldera joan besterik ez zegoen. Bertako zubitik atera ditugun ondoko irudietan ikus dezakezuenez hazita zetorren Oria, eta erriberetan muturra sartua zuen errioak.

Nagusiki beraz uholdeen arrastoak gaurkoan Oria ertzean.