Pirritx, Porrotx eta Marimotots Oiardon arituko dira abenduaren 29an

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 15a, 10:00

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek lan berri bat plazaratu dute: ‘Kuikui’ liburu-diskoa. Txorien kantuen bitartez, naturaren eta euskararen aldeko mezua zabaldu nahi dute. Abenduaren 29an Usurbilen arituko dira. Bi emanaldi eskainiko dituzte Oiardo kiroldegian. Sarrerak ostiral honetan jarriko dira salgai.

 

'Kuikui' ikuskizun berria Miren Amurizaren ipuin batean oinarritzen da. Irrimarra  taldeko Karmele Gorroño eta Irene Irureta arduratu dira ipuina ilustratzeaz. Eta beste behin ere, abestiak dira kontakizunaren osagarri. Xabier Zabalaren 12 abesti jaso dituzte CD batean, horietatik bost argitalpen honetarako propio idatziak.

Pailazoek aditzera eman dutenez, “habia-kutxak oparituko dizkiegu  egunerokotasunean txorientzat zein euskararentzat habia goxoak sortzen dituzten taldeei”.

 

“Kuikui” ikuskizuna Usurbilen

  • Abenduak 29 asteazkena.
  • Non: Oiardo Kiroldegian.
  • Bi saio: 16:00etan lehena,  18:30ean bigarrena.
  • Sarrerak: 8 euro, usurbilkultura.eus plataforman salgai. Abenduaren 17an ostirala eguerdiko 14:00etan ipiniko dira salgai.
  • Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udala.