Herritarren gaua bart ETB-n

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 17a, 09:56

Herritarrak protagonista bart gauean Euskal Telebistan. ETB-1 telebista kateak eskaini zuen "Biba Egunean Behin" lehiaketaren finaleko irabazlea Jon Arroyo Alkorta herritarra izan zen. Bestetik, alzheimerraren alde egun osoz egin zuten diru bilketa "maratoiaren" amaieran eskainitako gai honi buruzko erreportajean parte hartu zuen Azkonobieta familiak.

Herritarrak telebista pantailan bart gauean Euskal Telebistan. ETB1-ek "Biba Egunean Behin" lehiaketa ezagunaren final handia eskaini zuen zuzenean. Online bidezko lehian Jon Arroyo Alkorta nagusitu zen. 2.000 euroko bidaia saria irabazi du.

"Tribial estiloko galdera-erantzunen jokoa da Egunean Behin. Egunean behin partida bakarra jokatzeko aukera izango duzu. 10 galdera erantzun beharko dituzu, ahalik eta azkarren. Zenbat eta gehiago asmatu, zenbat eta azkarrago asmatu, hobeto!". Mugikorretarako aplikazio gisa jaitsi daiteke jolasa.

Azkonobieta familia alzheimerraz
ETB-ren zuzeneko saio honen ostean, alzheimerrari buruzko erreportajea eskaini zuen telebista kate berak Maddalen Arzallus eta Xabier Sukiarekin, egun osoz, gaixotasun hau ikertzeko egin zuten diru-bilketa kanpainaren baitan. Saio horretan Azkonobieta familia agertu zen. Familia horretako hiru belaunaldirekin bildu ziren bi aurkezleak Urdaira sagardotegian. Gaixotasun hau ikertzeko Kolonbian egiten ari diren ikerlan bat hizpide izan zuten. "Mundu mailan alzheimerrari tratamendua aurkitzeko egiten ari diren saiakera kliniko garrantzitsuenetarikoa Kolonbiako Antiokia eskualdean egiten ari dira. Gaixotasun genetikoa da, eta XVII. mendean Usurbildik Kolonbiara joandako baten ondorengoak dira ikerketaren protagonista nagusiak".  ETB-ren esanetan, "Kolonbiako Antiokia eskualdean dago alzheimer goiztiarra pairatzen duen munduko populazio gunerik handiena. 5.000 pertsona dira, guztiak Maria Luisa Chavarriagaren ondorengoak. Chavarriagaren familiako kideen bila aritu dira Gipuzkoako artxibo historikoan". Eta aurkitu dute.  Familia honetako kide Martin de Chavarriagaren senidetuak daude Azkonobietatarrak.

Hemen Euskal Telebistak bart zuzenean eskaini duen "Biba egunean behin" saio bereziko pasarte bat eta Azkonobieta sendiaren lekukotza ETB-ren bideo hauetan.