Koronabirusa

Urtea agurtu eta berriari harrera egiteko ospakizun ekitaldiak bertan behera

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 31a, 09:52

Ez da Hurbilago San Silbestre Lasterketarik ospatuko ezta Dj gaua ere.

Ohikoa bilakatu zaigun ezohiko moduan agurtuko dugu urte zahar hau ere, bigarrenez, osasun krisialdiak baldintzatuta. Urteko azken egun honetarako iragarriak dauden ospakizun ekitaldiak bertan behera geratu dira Usurbilen. Batetik, ostiral arratsaldeko 17:00etarako iragarria zegoen Hurbilago San Silbestre Lasterketa. Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkarteak aste hasieran erabaki zuen, atsekabe handiz, osasun krisialdiak egun bizi duen egoera ikusita, prebentzio neurri modura, jende pilaketa saihesteko hitzordua ez ospatzea.

Lasterketak herri merkataritza eta ostalaritzaren alde urtea lasterka eginez agurtzeko aukera eskaini ohi du. Opari mordoa ere zozketatu izan dute. Azken edizioa 2019. urtean ospatu zuten. Iaz antolatzerik ez zuten izan osasun krisialdiagatik. Aurtengoan antolatu bai, baina azken asteotan covid19 kasuen etengabeko agerraldien eta kasu berrien gorakada handiaren aurrean, lasterketa ez egitea erabaki du antolakuntzak.

Beste hainbeste gertatuko da Dj gauarekin ere. Urte zaharra lasterka eginez agurtzeko gonbita jasoa genuen, eta 2022ari dantza batean, musikaz girotua harrera egin nahi zitzaion frontoian, goizaldeko 1:00etan hasita. Baina ordu horretantxe, goizaldeko 1:00etarako finkatu du Eusko Jaurlaritzak asteazkenaz geroztik indarrean duen dekretu berriak jarduera guztien amaiera ordua eta baita ostalaritza guneen itxiera ere. Testuinguru honetan, Usurbilgo Udalak bertan behera utzi du Dj gaua.