2021eko Usurbilgo sorkuntza ezagutzeko azken egunak Sutegin

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 3a, 08:23

Sorkuntza uzta oparoa utzi digu agurtzear garen urte berriak. Sutegiko erakusleihoan izango duzue ikusgai aste honetan azken aldiz.

Usurbil herri bizia dugula sarritan aipatu ohi da. Sorkuntzarako dagoen trebezia dugu horren adierazle argienetarikoa. Agurtzear dugun urte hau ere oparo joan da herri sorkuntzari dagokionean. Ikusi bestela berriki Sutegi udal liburutegian atera genuen ondoko irudia. Mahai bete argitalpen, horixe ikus daiteke argazkian edota urtarrila hasierara arte Sutegiko erakusleihoan udal liburutegiak eta NOAUA! K.E.-k egokituriko erakusketatxoan. Dena etxean, Usurbilen edo usurbildarren eskutik landua.

Has gaitezen 2021ak utzi digun uzta oparoa errepasatzen. Ixabel Agirresarobek Amona Tomaxaren bi argitalpen plazaratu ditu I. Martiarena “Mattin” marrazkilariarekin elkarlanean. Bat “Amona Tomaxa eta sagarra” Denonartean argitaletxearekin plazaraturikoa eta bestea NOAUA! K.E. bidez Euskararen Egunaren bueltan etxez etxe banatu genuena. Dakizuenez, abenduaren 3aren bueltan hitanoaren ezagutza eta erabilera sustatzeko saiakera berezia egin nahi izan dute aurtengoan hainbat herri eragileek. Hitanoa gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan ahotan hartzeko kaleratu eta banatu genuen baita “Patrikarako hitanoa” Karmele Urdanpilleta eta Rosa Zubeldiak landutako liburuxka erabilgarria. Bertan, "Usurbilgo hikaren oinarrizko nondik norakoak jaso ditugu, hika egin nahi duzuenontzat abiapuntu izan daitezen, eta, oro har, adizkera jolasti eta gertuko hau erabiltzeko gonbita herritar guztioi egiteko". 

Yolanda Arrietak hiru lan
Durangoko Azokaren bueltan ikusi genituen hainbat herritar sortzaile, azoka aurreko asteetan iragartzen hasitako haien lanak aurkezten. Hor dugu abenduaren 4tik 8ra hitzorduz josia izan zuen Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak utzi digun uzta; “miau egin beharrean karraska” egiten duen katakume gazte baten istorioa biltzen duen “Groau!” sortze lana; letrak kostatzen zaizkion Hodei eta letrekin adiskidetzen laguntzeko letren jolastokira eramango duen Ametsen abenturak biltzen dituen “Letren jolaslekuan” eta “Zerak”. “Zein liburuetan esaten da noiz agortzen den gurasoekiko lotura? Eta fantasiarena?”, hortxe lan honen abiapuntua. Arrietarekin batera izan ziren Durangoko Azokan Jakoba Errekondo eta Antton Olariaga, azken urteon ildotik, 2022rako prestatu duten “Ilargia eta landareak” agenda liburua aurkezten. Sortzen jarraitzen du Altadill sendiak ere. Oraingoan, “Terror corporativo, horror corporal” izeneko beldurrezko kontakizunaren pasarte berriekin.

Estreinakoz halako argitalpen batean parte hartu duen herritar bat ere badugu aurtengo uztan; Alex Tello. “Sua” izeneko Su Ta Garren 30 urteen historiaren inguruko komiki laneko gidoilaria izan da, Julen Ribasenak dira ilustrazioak. Ilustratzaileei buruz ari garela, Joseba Larratxek Argiaren “Larrun” eta Ikastolen Elkartearen “Xabiroi” aldizkaria marrazten segi du. Bestetik, iaz Joan Mari Torrealdaik hil aurretik ia amaituta utzi zuen azken argitalpena ere plazaratu da aurten: “Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta”. Egunkariaren sorreratik itxierara eta ondorengo epaiketan bizitakoa kontatzen duen argitalpena.

Musikagintza ez da isildu
Ezohiko urte hau musikaz girotu duen herritarrik ere izan dugu; iazko Kultur Biran jendaurrean aurkeztu zuten Ameba musika talde gazteak “Elikatuz” izeneko estreinako lana aurkeztu zigun iragan neguan. Malen Azpiazuk (abeslaria), Jon Mikel Azpiazuk (baxujolea), Enara Eizagirrek (baterijolea) eta Aritz Zabaletak (kitarra-jolea) osatzen dute taldea. Estreinako lana aurkeztu digu baita Peru Galbetek; “Nor zara zu?” izenekoa. Azken hiru urteotan Usurbil, Urretxu eta Uharte artean idatzi eta grabatutako kanta batzuen bilduma liburu formatuan argitaratua, “kantuen hitzak, bestelako idatzi eta marrazkiak eta musika digitalki deskargatzeko kodea barne”.

Eta beterano bat, Joseba Tapiak ere lan berria aurkeztu digu udazken honetan bertan, “Egon edo ez egon” Koldo Izagirreren hitzetan oinarritua. Soinu kromatikoarekin konposatu eta grabatu ditu kanta denak.

Amaitzeko beste bi argitalpen; egileak ez dira Usurbilgoak baina Usurbili lotuak daude beren lanak. Uxue Alberdiren “Ibaia”; “Usurbilgo hirigintza feminista fabulatzen duen” lana. Eta udan ospatu zen Laboaren Uztailaren zikloaren baitan kontzertua eskaintzera gonbidatu zituzten IbonRG eta Enrike Hurtadok Joxan Artzeren omenez kaleraturiko diska. Usurbilgo 2021eko uzta Sutegi udal liburutegian, Aitzagan, Lizardi edota Laurok liburu dendenta eskuragarri duzue.