Irisasi BTT: "Dortsal gutxi batzuk ditugu oraindik, ez utzi azken egunerako"

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 4a, 09:26

Iazko etenaldiaren ostean, aurten bai, Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" probaren hamargarren edizioa antolatzen ari da urtarrilaren 30erako. 500 lagunentzako lekua egongo da. "Dortsal gutxi batzuk ditugu oraindik" ohartarazi dute. 

500 lagunentzako lekua izango da urtarrilaren 30ean ospatuko den Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" proban. Izen emateak oraindik zabalik segitzen duela ohartarazi du azken orduotan antolakuntzak; "dortsal gutxi batzuk ditugu oraindik", zehaztu dute proba hau prestatzen ari den herritar taldeak sare sozialen bidez. Horregatik mugitzeko gonbita luzatu dute. "Ez utzi azken egunerako". 

Iaz bertan behera utzi behar izan zuten osasun krisialdiagatik. Urtebete beranduago bai, hamargarren edizioa ospatzeko moduan izango dira Irisasi BTT taldekoak. "Hotzak akabatzen" mendi bizikleta gaineko hamargarren edizio borobila antolatzen ari dira urtarrileko azken iganderako, hilaren 30erako.

Goizeko 9:00etan abiatuko dira parte hartzaileak frontoi ingurutik. Ohi bezala, Andatzari itzulia emateko aukera izango dute bizikleta gainean.

Araudia
1.-2022ko urtarrilaren 30ean IRISASI BTT “hotzak akabatzen” martxa ospatuko da. Martxa hau ez da lehiakorra eta parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa da eta 14koa baldin eta partaideak uneoro heldu arduradun bat eramaten badu ondoan.
2.- Martxa ez da lehiakorra, eta beraz, trafikoa zein beharrezkoa den zirkulazioa zabalik egongo da. Ibilbidean zehar, eskualdeko errepidea zein mendikoa erabiltzean, partaideak bide zirkulazioaren arauak bete beharko ditu eta bera izango da egin ditzakeen arau-hausteen eta arduragabekerien arduraduna.
3.- Sinatzaileak, medikuaren debekurik bertan egingo den ariketa fisikoa burutzeko ez daukala aitortzen du.
4.- Sinatzaileak, Irisasi BTT, Andatza Mendizale Elkartean eta probaren antolakuntzan parte hartzen duen pertsona oro, bertan izandako edozein ezbeharretatik salbuestea onartzen du, ez bada antolakuntzaren arduragaberiaren ondorio.
5. IRISASI BTT proba herrikoiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa den eta kudeatzen duen “Irisasi” Herri Onurako mendiaren bide eta gune naturalak zeharkatzen ditu. Beraz, errespetatu beti antolakuntzak ezarritako eta balizatutako ibilbidea, bertatik atera gabe. 
6- Kaskoa derrigorrezkoa da.
7- Izen-emandako parte hartzaile guztiak erantzukizun zibileko aseguruarekin babestuta egongo dira, baldin eta egiazkoak diren izena emateko orrian emandako datuak.
8-Emandako datuak, martxaren antolakuntza hobeto kudeatzeko, gure fitxategietan sartuko dira. Parte-hartzaileak martxaren zehar argazkiak hartzea eta hauek erabiltzea onartzen du, beti ere norberaren edo beste inoren moralaren, ohorearen eta irudiaren aurkakoak ez badira.

Federatuentzako oharra
"Federatu gisa izena ematen duen parte-hartzaile orok, indarrean duen kirol-lizentzia edo aseguru-mota edozein dela ere, proban gertatutako balizko istripuengatik ez dio IRISASI BTT "hotzak akabatzen" antolakuntza taldeari inolako kalte-ordainik edo beharrezkoa duen baliabiderik erreklamatuko". 

Izen ematea eta informazio gehiago:
Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" 2022
Facebook:
IrisasiBtt