Urtarrilaren 19an

Etxealdiako beharrak ezagutzeko udal ordezkarien eta bizilagunen topaketa

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 12a, 08:39

Urtarrilaren 19an udal ordezkarien eta auzotarren arteko topaketa iragarri du Usurbilgo Udalak, Etxealdiak dituen beharrak ezagutu eta ekarpenak biltzeko.

Topaketarako hitzordua finkatua dute; datorren asteazkenean, urtarrilaren 19an izango da, arratsaldeko 18:30etan Etxealdian bertan, haur parkean. Udal ordezkariek auzotarrekin batera inguruak dituen beharrak ezagutu, aztertu eta bertan bizi direnen ekarpenak jaso nahi dituzte. "Udal ordezkariek eta auzotarrek auzoa bisitatuko dute, behar horiek auzotarrengandik zuzenean jasotzeko".

Ekimena, udal gobernu taldeak 2022ko aurrekontuak auzoz auzo aurkeztu eta herritar nahiz eragileen ekarpenak biltzeko azaroa hasieran egin zuen bilera errondatik dator. Hitzorduetako bat estreinakoz hain zuzen, Etxealdiako bizilagunei zuzendua egon zen. Saio hark, auzoaren beharrak bertako bizilagunen eskutik ezagutzea zuen helburu. "Etxealdiako bizilagunek auzoari lotutako kezkak eta ekarpenak helarazi zizkieten udal ordezkariei", gogorazi dute ohar bidez Usurbilgo Udaletik. Potxoenean egin zuten saio hartan, "udal-gobernuak konpromisoa hartu zuen, batetik, udaberrian parte-hartze prozesu xume bat egiteko auzotarrekin, eta bestetik, San Esteban kalea irisgarri izateko  eta oinezkoen segurtasuna lehenesteko proiektu bat idazteko".

Udalak aurrekontuetan 15.000 euro erreserbatuak ditu hain zuzen, "auzotarrek lehenesten duten inbertsioa burutzeko (auzo lokala txukuntzea, jolas parkea berritzea...)".

Horrekin batera orain auzoaren beharrak diagnostikatzeko topaketa iragarri dute Etxealdian urtarrilaren 19rako.