Koronabirusa

Antigeno testen prezioa mugatua eta covid19 kasuak kudeatzeko formulario bakarra aurrerantzean

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 15a, 09:37

Aldaketa bana txertatu dute Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak covid19 kasuen kudeaketan.

Kontuan hartzeko zenbait aldaketa balizko covid19 kasuak kudeatzeko garaian. Batetik, antigenoen testek orain arte zuten prezio neurrigabea mugatzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Erabakia ostiraleko Estatuko Aldizkari Ofizialean kaleratu zuen eta larunbat honetatik aurrera indarrean izango da. Gehienez jota, test bakoitzak 2,94 euro balioko du aurrerantzean, honenbestez baita Hego Euskal Herri osoan ere. Salbuespenezko osasun egoera dagoenean, osasun publikoa babesteko Sendagaien Prezioen Ministerioarteko Batzordeak sendagaien gehienezko prezioa finkatu ahalko duela dio Espainako Gobernuak aipatu aldizkari horretan, "salbuespenezko egoera horrek iraun artean". Covid19ak geure bizimodua aldatu zuenetik ia bi urtera hartu dute erabaki hau.

Formulario bakarra
Covid19 kasuak kudeatzeko moduan beste aldaketa bat ere iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Azken asteotan formulario ezberdinak bete beharrak zeuden halako egoeretan. Formulario bana, positiboa edota kontaktu estua izanez gero edota bajak tramitatzeko. Formulario guztiok bateratzea erabaki du orain Eusko Jaurlaritzak. "Covid sintomak, kontaktu estuak, farmazietako antigeno-test positiboak eta laneko ABE baja behar duten pertsonak erregistratzeko inprimaki bakarra" martxan dela,  hala ari da iragartzen Eusko Jaurlaritza. Formulario hau euskadi.eus atariko "Nola jokatzen dut?" atalean eskura dezakezue.