Joxan Artze gogoan

"Gogoa argituko digun" Artzeren sortze lanen "Enborretik" antologia lana aurkeztu dute

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 15a, 21:17

Joxan Artze zendu zenetik lau urte bete berritan, bere sortze lanen antologia aurkeztuta oroitu nahi izan dute Jexux Artze Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak oraindik bizirik jarraitzen duela herriaren gogoan.

"Bere hitzak irakur ditzagun bizitzaren oparia arnasten dugunean berau dastatuz. Gogoa argituko digu, pentsamendua zorroztu eta begirada poztasunez beteta utziko". Hitz hauekin Joxan Artzeren sortze lanetan murgiltzeko gonbita luzatu digute lan guztion bilduma, "Enborretik" izeneko antologia lan batean bildu duten Balea Zuria argitaletxeko kideek.

Antologia lan hau larunbat honetan bertan aurkeztu dute Mikel Laboa plazan, Jexux Artze Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolatu duten oroimen arratsaldearen baitan, Artze zendu zela lau urte bete berritan. "Aspalditik dator" egitasmoa Luken Arkarazo kultur arloko udal ordezkariak oroitu duenez. Balea Zuria argitaletxeko kideak Udalera jo zuten Artzeren sortze lanen antologia bat osatzeko asmoa agertzera. Eta Udaletik "nola ez, Joxanen figura aintzat hartuz dudarik gabe baiezkoa eman genien". Pandemiak dena eten edo atzerarazi du, baita egitasmo hau. Horregatik zioen Arkarazok, "gaur ilusio handiz gatoz proiektu hau aurkeztera".

Berarekin ziren Mikel Laboa plazako aurkezpen ekitaldian, Balea Zuria argitaletxeko bi kide; Pello Otxoteko eta Felipe Juaristi. Udala, Elkar argitaletxea eta Carmen Esteban eskertu nahi izan dituzte egitasmo hau bideratzea ahalbidetu dietelako. Artzeren poemaren hautaketa egin eta argitalpena lantzeaz arduratu dira.

Ekitaldia Felipe Juaristiren errezitaldiak borobildu du, berak zioenez modurik egokienean, "Artzek eman didana Artzeri poesia moduan" itzulita. Ondoko bideo eta argazkietan jaso dugu aurkezpen ekitaldia.