"Geuretik Sortuak"

"Geuretik Sortuak" egitasmoko ipuin bilduma aurkezteko literatur solasaldia Itxaro Bordarekin

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 18a, 09:48

Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan Itxaro Bordak, nahiz besteak beste, Yolanda Arrietak eta Ugaitz Agirrek sortutako ipuinen bilduma aurkezteko solasaldia antolatu dute Usurbilgo Udalak eta Udalbiltzak otsailaren 2rako idazle baionarrarekin.

Udalbiltzaren barnean diren udalek, tartean Usurbilgoak iaz euskal sorkuntza eta kulturgintza sustatzeko martxan jarritako "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan euskarazko film labur, antzezlan eta eleberri ezberdinak sortu dituzte iragan urtean zehar beste hainbeste euskal sortzaileek. Haien sorterritik kanpo Euskal Herriko beste udalerri batean eginiko egonaldietan bideratu dituzte lan guztiok. Parte hartzaileen artean ditugu batetik bi herritar; Artziniegara joan zen Ugaitz Agirre eta Etxarri-Aranatzen egonaldia egin zuen Yolanda Arrieta. Idazleak biak, bizi-esperientzia horren baitan sorkuntza lan bana bideratu dute.

Iazko uztaila Usurbilen bizi izan zuen Itxaro Borda idazleak eta lanketa bera gauzatu zuen. Eta Usurbilgo Udalak usurbilkultura.eus plataforma bidez iragarri duenez, hilabeteotan ondutakoa aurkezteko unea heldu da. Solasaldia antolatu dute Udalak berak eta Udalbiltzak otsailaren 2rako 19:00etan Sutegiko auditorioan. Hitzorduan, kasu honetan Bordaren zein gainerako idazleen ipuinen bilduma lana, "Hamazpigarrenean aidanez" izenekoa aurkeztuko da. "Sorkuntza-lanaz, euskal kulturaz eta literaturaz aritzeko saioa izango da. Lide Hernandok gidatuko du", iragarri du Udalak. Aipatu moduan, ekitaldirako izena urtarrilaren 31 baino lehen eman ahalko da usurbilkultura.eus plataforman. 93 lagunentzako lekua egongo da kultur-etxeko auditorioan.

Idazleen lanez gain, film laburrak ekoitzi dira eta baita antzezlanak ere. Haietako bat, Metrokoadroka Sormen Laborategiak landutako "Bidaide" izeneko antzezlanaz gozatzeko aukera izango dugu larunbatean, urtarrilaren 22an Sutegin.